Adegik ez du negoziatu nahi

2019/10/04
Lehenik, ELAk esker ona adierazi nahi die Grafikagintzako langileei zortzi greba egunez deialdiari eman dioten babesagatik. Enpresetan jarraipena ia %70ekoa izan da; hau oso esanguratsua da sektore honetan, non enpresa askotan langile kopurua txikia den eta lantegiak lurralde guztian zehar sakabanatuta dauden.

Halere, langileek erantzun egokia eman duten arren, zortzi greba egun hauen ondoren argi geratu da ELAk lehenago ere ohartarazi zuena: ADEGIk ez du negoziatu nahi. Jokabide hau “Kultura Enpresa Berria”ren ondorioetako bat da; euskal patronalak kultura hori Gipuzkoako enpresetan ezarri nahi du, eta bere helburu bakarra da lan kolektiboa amaitzea, langileen baldintzak merkatzea eta enpresetan prekaritatea iraunaraztea.

 Tamalez, enpresarioen negoziatzeko borondate eza hainbat lan gatazkatan ari gara pairatzen, esaterako Gipuzkoako zahar-etxeetan edota Bizkaiko metalgintzan, hango patronalarekin. Honek agerian uzten du negoziazioetan euskal patronalak ulertzen duen hizkuntza bakarra konfrontazioa dela. Hain zuzen, honek etekina eman du azken aldiko borroketan, eta emango du, zalantzarik ez da, Grafikagintza sektorean ere.

 Horregatik, ELAk argi dauka lan baldintzak hobetzeko borrokari eutsi behar diogula, enpresek duten une onaz baliatzeko eta ADEGIri erakusteko sektoreko langileok ez dugula amore emango. Hartara, ADEGIk ulertu behar du mobilizazioekin sektorean dagoen ondoeza areagotu egingo dela, eta etorkizuneko akordioa ez dela edozein preziotan iritsiko.

 ELAk ez du huts egingo; helburuak lortuko ditugu. Orain, inoiz baino areago, sindikatua izan behar da lan hitzarmen duina lortzeko borrokan langileek daukaten tresna nagusia. Borroka garaia dugu hau, eta eutsi egingo diogu, behar den denbora guztia. Irabazi arte.