Aiala Vidrion hitzarmen berria sinatu du ELAk

2019/03/20
Aurrerapauso nabarmenak eman dira lanaldia banatzeko arloan; baimen ordainduetan; lanaldia antzinatasunaren arabera murriztean; kontratazio berrietan; eta enpresaren puntu jakin batzuetan.

Aiala Vidrioko (Vidrala taldea) langileek enpresa batzordeko kideek sinatu duten hitzarmenaren aurre-akordioa berretsi dute.

Honako hauek dira akordioaren eduki nagusiak:

  • Indarraldia: 2018-2019-2020-2021.
  • Soldata-igoera: KPI+1 urte bakoitzean eta kontzeptu guztietan.
  • Aipaturiko soldata-igoera horiei gehitu behar zaizkie zenbait plusetan egindako igoerak, guztira beste %1 osatzen dutenak urte bakoitzean. Soldata-igoera orokorra, beraz, KPI+2koa da urte bakoitzean.
  • 55 urtetik gorakoei egun batez murriztuko zaie lanaldia, eta hirurteko bakoitzeko beste egun bat.

Kontratazio berriak egiteko irizpideak ere arautu dira. 2017/01/01eko garaian Aiala Vidrioko langileek egiten zituzten lanak ezin izango dira azpikontratatu. Neurri horien bidez kontrataziorako irizpide objektiboak ezartzea eta Aiala Vidrioko lana duina izatea bilatzen da, egitura-lanak azpikontratatu gabe eta lan-baldintzak prekarizatu gabe.

Akordioa langileen antolakuntza-gaitasunaren eta ELAren atal sindikalaren lidergoaren emaitza izan da.

Lan handia egin behar izan da aldez aurretik, baina afiliatu askoren ahaleginak eta antolamendu ona emankorrak izan dira (ELAk 9 ordezkari ditu, 13tik). Hitzarmena ez da zerutik jaitsi. Zuzendaritza oso temati agertu da, eta 7 greba-egun egin behar izan dira. Hori dela-eta, enpresak bere jarrera tematia aldatu, eta irabazien zati bat etekin-sortzaileen artean banatzea onartu behar izan du.

ELAk atal sindikala eta langileak zoriondu nahi ditu lorturiko edukiengatik.