NATRA (OÑATI)

Akordio gozoa Oñatiko Natran

2024/04/17
Langileek gatazkaren hasieran planteatu zituzten proposamen guztiak jasotzen dituen akordioa lortu dute greba eta mobilizazio dinamikari esker

Oraina, askotan, ezin da ulertu iragana ezagutu gabe. Horren lekuko da Natran lortutako akordioa. Akordio ona, Industria eta Eraikuntza federazioko kide Ioritz Mendigurenek aitortzen duenez. “Gatazkaren hasieran planteatu genituen puntu guztietan lortu ditugu aurrerapauso garrantzitsuak. Zortzi ziren mahai gainean jarri genituen gaiak, eta guztietan nahi genuen helburua lortu dugu. Beraz, balorazioa oso ona da”.

Natra (lehengo Zahor) Oñatin kokatuta dago, eta txokolatea eta horri lotutako produktuak egiten ditu. ELAk gehiengo osoa du, 13 delegatuetatik 8 ELArenak dira. Herriko zein eskualdeko enpresarik garrantzitsuenetakoa da, eta Ioritzek aipatzen duenez, “Oñatin denek dute senide, lagun edo gertukoren bat bertan lan egiten edo lan egin duena. Greba eta mobilizazio prozesuan herrian jaso dugun babesa izugarria izan da. Pentsa, larunbat batean manifestazio bat antolatu genuen Oñatin, eta joateko deia luzatu genien herritarrei. Guztira 2.000 lagun inguru bildu ginen. Oñatik duen populazioa ikusita 2.000 lagun elkartzea izugarria da. Oso eskertuta gaude jasotako babesarekin”.

Gatazka luzea izan da. Langileak urtebete pasatxo egon ziren hitzarmena berritzeko ahaleginetan. Alferrik, ordea. Enpresak akordiorako borondaterik ez zuela eta lehen eguneko proposamen atzerakoiekin jarraitzen zuela ikusirik, langileek greba eta mobilizazio dinamika martxan jartzea erabaki zuten.

Langileen babes izugarria

Baina, zergatik egon zen Natrako zuzendaritza urtebete pasatxo jarrera oldarkor horrekin? Hona Ioritzen erantzuna. “Enpresaren asmoa produkzioa urte osoan zehar martxan egotea da, gelditu gabe. Horretarako ezinbestekoa du flexibilitateari lotutako neurri ezberdinak indarrean jartzea, eta horren aldeko apustua egin zuen. Enpresaren proposamena atzerakada nabarmena zen lan baldintzei dagokionez”.

Egoeraren aurrean langileek greba eta mobilizazio dinamika martxan jartzea erabaki zuten, lanuzte eta greba egunak nahastuz. “Enpresak, hasieran, negoziatzeko asmoa ez erakusteaz gain langileei zenbait baimen ukatu zizkien, deskantsuak murriztu, beste langile batzuei ez zien kontratua berritu... Halako neurriak mobilizazioen hasieran hartu zituzten, langileak zigortzeko eta beldurtzeko neurri gisa. Hala ere, langileak uneoro jarrera tinkoa erakutsi dute, eta enpresaren ahalegina ezerezean geratu zen. Horren lekuko da lanuzteen jarraipena eta babesa. Greba dinamika martxan jartzeko asanbladan 223 langilek alde bozkatu zuten, hiruk aurka eta batek zuri. Lanuzteek eta grebek produkzioa erabat etetea lortzen zuten”.

Langileen jarrera ikusirik, enpresak azkenean amore eman zuen eta langileek mahai gainean jarritako eskaerak onartu beste aukerarik ez zuen izan. Beste behin, argi geratu da langileek kolektiboki egindako grebak eta mobilizazioak direla helburuak lortzeko bide bakarra.

Iraganetik ikasiz

Hasieran esan dugu gatazka honetan oraina ezin dela ulertu iragana ezagutu gabe. Ioritz Mendigurenek azpimarratzen duenez, ELAk ondo ikasi du 2019. urteko lezioa. “2019an ere mobilizazio eta greba dinamika beharrezkoak izan ziren akordioa lortzeko, baina akordio horretan ez genituen lortu aldez aurretik ezarritako helburu guztiak. Gatazka horrek zapore gazi gozoa utzi zuen. Bai, hainbat aurrerapen eta hobekuntza lortu ziren, baina ez zen izan nahi genuen akordioa, Greba dinamika martxan jarri genuenean LAB erori egin zen. Formalki dinamika horretan zegoen arren indar eta energia asko gastatu genituen LABetik tiraka. Horren ondorioz gatazkaren hasieran planteatu genituen ibilbidea eta emaitza ez zen izan esperotakoa”.

Bost urte geroago helburu guztiak bete direla azpimarratzen du Ioritzek. “Komitearen batasuna ezinbestekoa izan da. Hasieratik lortu dugu LAB gatazkan mantentzea, eta batasun horrek emaitzak eman ditu. Jendea pozik dago lortu dugunarekin. Greba amaiera akordioaren asanblada da adibiderik onena. Akordioa berresteko bozketan 212 langilek alde bozkatu zuten, eta soilik langile bakar batek bozkatu zuen zuri. Kontrako botorik ez zen egon”.

 

2023-25 AKORDIOAREN GAKOAK

  • Ultraktibitate mugagabea.
  • Ez aplikatzeko klausula.
  • Soldata-igoera: KPI (2023), KPI +0,9 (2024), KPI +1 (2025). Aurten KPIa % 3tik gorakoa izango balitz, igoera KPI+0,5 izango litzateke.
  • Errelebu-kontratua, langileak eskatuta.
  • Aldizkako finko partzialak egiteko baldintza berriak: 24 hilabetetan 18 lan egiten badituzte.
  • Kategoria-igoerak: 1. mailako ofiziala: langileen % 20 gutxienez kategoria horretan egongo da (lehen % 18). 1A ofiziala: 2023: 85 pertsona. 5 pertsona gehiago 2024rako: 90 pertsona. 5 pertsona gehiago 2025erako: 95 pertsona.
  • 4. txandako lan-baldintzen hobekuntza:
  • Larunbat goizeko plusa: 100 €.
  • 4. txandako plus berria: 75 €/ hilean.
  • 61 urtetik gorako langileek 4. txandan lan ez egiteko aukera.
  • Aldi baterako aldizkako langileek eta langile finkoek sortutako egunak hartzeko aukera.
  • Boluntarioak lehenestea.