EKIDE GROUP (ARRASATE ETA ZAMUDIO)
Akordiorik gabe amaitu da Enplegu Erregulazioko Espedientearen kontsulta epea

Gaur amaitu da Arrasateko eta Zamudioko Ekide Group enpresaren EEEaren negoziazio epea, akordiorik lortu gabe. Gauzak horrela, enpresak 15 pertsona kaleratuko ditu datorren astean, arrazoi ekonomikoak, antolakuntzakoak eta ekoizpenekoak argudiatuta. Batzordearen arabera, Zuzendaritza eta haren kudeaketa dira kaleratzeen erantzule bakarrak.
ELAk salatu du enpresak ez duela negoziatu nahi izan, kontsultaldia hasi zenetik kaleratzeak jakinarazi baitzituen. Gainera, Zuzendaritzak ez duela Enpresa Batzordearekin harremanik izan nahi eta askatasun sindikala etengabe urratzen duela kritikatu du.
Gauzak horrela, ELAk ez ditu kaleratzeak onartuko eta horien aurka eta enpresaren etorkizunaren alde borrokatzen jarraituko du.
EKIDE enpresak Arrasaten eta Zamudion ditu lantokiak, eta 140 pertsonak egiten dute lan bertan. Enpresa horrek hainbat sektore biltzen ditu, hala nola trenbidearena, automobilgintzarena eta autobusarena.