Altzako kiroldegia: beste Anoeta bat?

2020/03/22
Anoetako estadioaren obretan gertatutakoa gogorarazten du, eskala txikiagoan bada ere, Altzako kiroldegiaren eraikuntzako lan- eta gizarte-iruzurrak. Landeian gaia luze eta zabal jorratzen da.

Gipuzkoako eraikuntza-sektoreko ELAren arduradun Igor San Josék salatu zuenez, bistakoak ziren obra horretako iruzurra eta prekarietatea; izan ere, Donostiako Udalak aurrekontuaren dezente azpitik (-% 25) esleitu zituen lanak (3,5 milioi euro gutxiago).

Donostiako Udalaren helburua garbi asko zegoen: ahalik eta gutxiena ordaintzea, langileen lan-baldintzen kontura. Ezaguna egiten zaizue kontua? ELAk, beste behin ere, obra publiko bat salatu du iruzurra egiteagatik, langileak esplotatzeagatik eta hitzarmena ez betetzeagatik. Erantzukizuna norena den argi dago eta Donostiako Udalak ezin du ez ikusiarena egin; konpondu egin behar ditu obrak egiteko azpikontratatutako enpresa piratako langileen arazoak:

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenetik % 30 edo % 40 azpitik daude soldatak; Galizia, León eta Madrildik etorritako zenbait langilek ez dute kobratu; milaka euroko zorrak ditu langile-talde batek ostatu hartzen eta otorduak egiten zituen ostatu eta taberna batean… Horrela aritu dira eraikitzen Altzako kiroldegia —Donostiako Udalak sustatutako obra—, zeinaren aurrekontua 17 milioi eurokoa baitzen baina 14 milioi azpitik esleitu baitzitzaion Acciona y Altuna y Uria ABEEari, harik eta ELAk alarmak joarazi eta obra gelditzea lortu zuen arte, atzemandako irregulartasun guztiengatik.

Iruzurraren jatorria

Jakinik prezio horretan ezinezkoa zela kiroldegia langile propioekin eta hitzarmena aplikatuta egitea, azpikontratei deitu zien ABEEak. Horietako bat —Galiziako Colaper— langile bila ibili zen Ponferradan eta Madrilen, eta hau eskaini zien: 1.800 euroko soldatak (14 paga urtean), bizilekua, otorduak eta abar. Eta Donostiara etor zitezen konbentzitu zituen. Hilabete, gehienez, irauten zuten langileek. Soldata ez zitzaiela ordaintzen ikusirik, eta beren eskakizunei inork ez ziela erantzuten, obra utzi eta sorterrira itzultzen ziren, etsita, galdutako dirua inoiz ez zutela berreskuratuko onartuta. Enpresa pirata erabatekoa zen Caloper azpikontrata.

2019ko abuztutik, hamarna langileko lau talde ekarri ditu Colaper-ek Altzako obrara, bata bestearen atzetik, eta soldataren zati txiki bat baino ez die ordaindu. “Obraren fase hori dohainik ari da ateratzen”, salatu du Igor San Josék, Gipuzkoako eraikuntzako ELAko arduradunak.

Zenbait hilabetez obrara joan eta etorri ibili eta hainbat bilera “klandestino” egin ondoren, nahikoa froga eskuratu zuen sindikalista horrek Lan Ikuskaritzan salatzeko langileen egoera; zehazki, hirugarren taldearena.

Gainera zer zetorkion sumatzen zuenez, ‘desagertu’ egin zen Colaper azpikontrata, eta beste enpresa bat —Fermín Group Ibérica— sortu zuen enpresaburuak, sortutako zorrak saihestearren. Ohikoa da jokabide hori sektorean —azaldu digu San Josék—, bai eta azpikontratazio-katea ere. Eskaintza merkeagoei azpikontratatzen dizkiete lanak enpresek, beren irabazi-marjina ez murrizteko. Emaitza: langileek eskubiderik ez dutela”.

ELAk Lan Ikuskaritzan salatu duenez, azpikontrata horrek, Gipuzkoako hitzarmen kolektiboa ez betetzeaz gain, langileen dokumentazioa faltsutu zuen. Orduan, salaketak egiazkoak zirela egiaztatu ondoren, obra geldiarazteko agindu zuen Lan Ikuskaritzak.

Gaur egungo egoera

Ondorioak: hamar langile etxetik urruti eta lan egin ezinik, obra geldirik baitago, eta kobratu gabe. Altza auzoko herritarren elkartasunari eta laguntzari esker ari dira egoerari aurre egiten langileak.

Lan Ikuskaritzan irregulartasunak salatu eta gertatzen ari zena argitaratu ondoren, gaiari ekiteko eskatu zion ELAk Donostiako alkate Eneko Goiari, Altzako kiroldegiaren eraikuntza Anoetako estadioarenaren antzekoa izan ez zedin. Donostiako Udala da, izan ere, obren kontratatzailea, eta ezin du ez ikusiaren egin, ardura berea ez balitz bezala. Donostiako Udalak sustatu zuen obra; beraz, Gipuzkoako hitzarmen kolektiboa nahitaez aplikatu behar da”.

Sindikatuen eta hedabideen presioak eraginda, ABEEarekin hitz egin zuen Udalak. Hau izan zen ABEEaren konponbidea: Fermín Group Ibérica (Colaper) azpikontrata kanporatzea, lan-alorreko irregulartasun ugari egitea egotzita. Halaber, obrako langile-taldeek Altza auzoan utzitako otordu- eta ostatu-zorrak bere gain hartu zituen ABEEak.

Erabaki horrek, baina, ez du arazoa konpontzen, ezta gutxiagorik ere. “Gatazka ez da gainditzen langileak kaleratu eta lau sos ordainduta. Obra-amaierako kontratua dute langile horiek. Acciona y Altuna y Uria ABEEak azpikontratarekin eten du kontratua, baina ez langile horiekin. Beraz, hau aldarrikatzen du ELAk: langile horiek ABEEak kontratatzea, berriro lanean hastea eta obra amaitzea, eta enpresa esleipendunekin duten laneko lotura Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenak agintzen duenaren araberakoa izatea”.

Urrats batzuk egin dira gatazka erabat konpontze aldera, baina, Igorren ustez, borrokan jarraitu beharko da amaiera egokia izan dezan aferak, obra publiko batean egiten den lan- eta gizarte-iruzur berri horrek, alegia.

ABEEarekin eta udaleko zenbait talde politikorekin elkartu gara, egoera horiek salatzeko. Batzuen ustez, ona da herritarrentzat obren lizitazioa ahalik eta merkeena izatea —‘dirua aurrezten da’, diote—, nahiz eta sobera frogatuta dagoen politika horiek kalte besterik ez dietela egiten langileei. Kasu honetan, dozenaka langile engainatu dituzte, eta haietako askok dohainik egin dute lan Altzako kiroldegiaren eraikuntza”.