Anoetako lanetan erregistratutako iruzur kasuak berehala zuzentzea exijitu du ELAk

2019/11/14
Birmoldaketa lanetan aritutako langileei ordaindu ez zaizkien soldatak berehala ordaintzea ere eskatu du sindikatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak berak ELAk salatutako eta Lan Ikuskaritzak konfirmatutako salaketak Fiskaltzaren esku uztea erabaki du. “Anoetan gertaturikoak duen larritasuna islatzen du”.

ELAk Donostiako Udalari eta Realari exijitu die Anoetako futbol zelaiaren birmoldaketa lanetan gertaturiko iruzur eta lan baldintzen urraketen aurrean berehala esku har dezatela “ardura zuzena baitute biek”. ELAko Gipuzkoako Eraikuntzako arduradun Igor San Josek Batzar Nagusietan salatu bezala, udalak zein klubak erantzukizun zuzena daukate, obraren lizitazioa prezioaren azpitik esleitu zutelako. “Realak dirua aurrezteko helburuaz egin zuten hori, horrek lan-baldintza eta lan-segurtasunean aurreztea ekarriko lukeela jakinda ere”.

San Josek gogorarazi duenez, Anoetako lanek 50 milioi euroko kostuan lizitatu zituen Anoeta Kiroldegia udal erakundeak, “izaera horretako Donostiako antzeko obratan, gutxienez, 70 milioi inbertitu ohi direla jakinda”. Obrak hasi zirenean bezala, oraingoan ere ELAK galdera zuzena egin die arduradunei. “Kontziente izanda ezarritako prezioa ez zela inondik inora erreala, noren bizkar gainean erori behar zen aldea? Nork sufritu behar zituen merkatzearen ondorioak?”, galdegin du San Josek.

Galderari erantzun dio datuak lagun zituela: “Realak dirua aurrezteko, lizitazioaren merkatzea langileen bizkar gainean erori da. Anoetako birmoldaketa lanak etengabeko abusu eta iruzurretan oinarritu dira: miseriazko soldatak, lanaldi amaiezinak, langileen legez kanpoko lagatzea, dokumentuen faltsutzea...” ELAk salaketa asko jarri dituela eta Lan Ikuskaritzak sindikatuari arrazoia eman diola gogorarazi du Batzar Nagusietan.

Datuak luzatu ditu:

  • ELAk 22 enpresa salatu ditu.
  • 200 langile baino gehiago izan dira Anoetan lanean faltsifikatutako dokumentazioarekin.
  • 250 milioi euro baino gehiago santzioetan.
  • 4,5 milioi euro baino gehiago zor zaizkie langileei (2018n ELAk egindako kalkuluak).
  • 2019ko abenduan 7 milioi eurokoa ere izan zitekeen zorra.

Gero eta gehiago dira, gainera, ELAk salatutako iruzur eta eskubide urraketak konfirmatzen dituzten Lan Ikuskaritzaren erresoluzioak. “Realak eta Donostiako Udalak, ordea, beste alde batera begiratzen jarraitzen dute”. Egoeraren larritasuna dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak berak ELAk salatutako eta Lan Ikuskaritzak konfirmatutako salaketak Fiskaltzaren esku uztea erabaki izana azpimarratu du San Josek. Bitartean, obrak ikuskatzen eta iruzurra salatzen jarraituko duela berretsi du.

Ikusi hemen Batzar Nagusietako agerraldia