Datozen egunotan sindikatuek mobilizazio berriak iragarriko dituzte Bizkaiko metalean

2019/10/14
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuetako ordezkariek balorazio baikorra egin dute irailaren 30etik urriaren 4rarte Bizkaiko metalean eginiko grebak izan zuten jarraipenarekin. Bost egunetan Bizkaiko Metalean produkzioa eten egin zela azpimarratu dute. Bestalde, datozen egunetan mobilizazio berrien egutegia zehaztuko dutela aurreratu dute ELAko egoitzan izandako agerraldian. Era honetan, Bizkaiko patronalaren aldetik “tamalez” ez dutela inolako mezurik jaso adierazi dute.

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO mezu argi bat zabaldu nahi izan dute: Hitzarmen duin bat lortzeko asmo irmoa dutela, sektorean sortzen den aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin eta langileek pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko.

Orain Bizkaiko patronalak mugitu behar du fitxa. Hau da, Negoziazio Mahaiaren iraileko azken bileran esan genion bezala, eduki zehatzak proposatu eta eskubideak garatu behar dituzte . Patronalari dagokio Negoziazio Mahaia deitzea eta maiatzaren 10eko plataforma sindikalari erantzun positiboa ematea.

Sindikatuen agiria

1) Irailaren 30etik urriaren 4rarte eginiko greben balorazioa

Guk oso balorazio positiboa egiten dugu. 5 egun jarraian greba aurrera eramatea, benetan erronka handia zen. Baina emaitza benetan oso ona izan da. Enpresetan grebaren jarraipena oso zabala izan da. Gainera, jarraipen hori, oso antzekoa izan da 5 egunetan, hau da, asteko azken egunetan ez du behera egin. Esan dezakegu argi eta garbi, irailaren 30etik urriaren 4rarte, Bizkaiko Metalean produkzioa eten egin zela berriro.

Greba egun guztietan, goizean goiz pikete informatiboak poligonoetan aritu dira; eta esan dezakegu, greba hauetan, jende gehiagok parte hartu duela. Ondoren, eguerdian manifestazioak egin ditugu, eta esan dezakegu ikusgarriak izan zirela:

  • Irailak 30. Metaleko 15.000 langilek hartu zituzten Bilboko kaleak, 3.000 pentsiodunekin bukatuz Arriaga Antzokian.

  • Urriak 1: milaka pertsona Zornotza eta Erandioko kaleetan, ordu berean.

  • Urriak 2: Milaka langile konzentratu ziren Eusko Jaurlaritzaren aurrean Bilbon (ertzainen gehiegizko presentziarekin). Konzentrazio / Eserialdia, azkenean, manifestazio handi bat bilakatu zen Bilboko kaleetan, Aldundiko Foru Jauregira heldu arte.

  • Urriak 3: Milaka pertsona Basauriko kaleetan eta Sestaotik Santurtzirako martxan, ordu berean.

  • Urriak 4: 20.000 pertsona baino gehiago, bi zutabetan abiatuta, Bilboko kaleak zeharkatu zituen manifestazio ikaragarri eta historikoan.

Ondorioz, sindikatuon ustean argi dago 5 greba egun hauek arrakastatsuak izan direla. Eta uste dugu ezin dela ukatu inondik inora, Bizkaiko Metala guztiz mobilizatuta dagoela, eta tinko bere helburuak lortzeko.

Bestalde, nahiz eta informazio batzuk agertu azken egunotan existitzen ez den errealitate bat irudikatuz, Negoziazio Mahaian gauden 4 sindikatuok (ELA, CCOO, LAB, UGT) argi eta garbi adierazi nahi dugu batasun eta borroka sindikala guztiz mantentzen dugula. Aurtengo maiatzeko konpromisu eta sendotasun berarekin.

2)FVEM ez da mugitu

Patronalak zerbait aldatu badu, komunikatzeko modua izan da. Uda aurretik ia ez zen iritzi publikoaren aurrera agertzen, baina orain bai. Haatik, ematen duten irudia ez da erreala: haiek mugitzen ei dira, eta sindikatuak ez. Negoziazioko edukietan, hots, benetan axola duten kontuetan, jarrera erabat immobilista du:

SOLDATAK

Taulak

Sindikatuen eskaria: KPI + %2 iraunaldiko 3 urteetan (2018, 2019, 2020)

FVEM: Egin duen proposamenean 2018rako ez dago atzera eragineko igoerarik, ez du urte batean ere KPI + %1 gainditzen, eta ez du galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko balio.

Taulen gainetik daudenentzako soldata errealak

Sindikatuen eskaria: KPI + %1

FVEM: 2018an igoerarik ez; 2019 eta 2020rako, berriz, tauletako igoeraren %75, baldintzatuta eta mugatuta.

SUBROGAZIOA

Sindikatuen eskaria: Erabateko subrogazioa Bizkaiko Metalgintzan azpikontratatuta dauden jarduera guztietarako.

FVEM: Subrogazioa soilik Herri-Administrazioetako mantenu lanetarako; ezarri nahi diren baldintza eta muga zorrotzen ondorioz ia inori ez litzaioke subrogazio eskubidea aitortuko.

ALDI BATERAKO ENPLEGUA

Sindikatuen eskaria: ABLE bidezko kontratuak mugatu + aldi baterako kontratuak murriztu.

FVEM: Ez du proposamenik egiten. Aurreko eskaintzan aldi baterako enpleguaren gaia baliatu nahi zuen gaur hitzarmenean dagoen malgutasuna areagotzeko.

GIZON-EMAKUMEEN ARTEKO BERDINTASUNA / LAN OSASUNA

Sindikatuen eskaria: Enpresak derrigortuko dituzten neurri efektiboak.

FVEM: Legearen transkripzioa eta asmo adierazpen hutsak.

Gainera, FVEMek posizio erregresiboak finkatu ditu bajen kontrolari eta malgutasunari dagokionez.

Beraz, hau esan behar dugu, argi eta ozen:

Gezurra da sindikatuok ez garela mugitu esatea. 2018 hasieran mahaia berriro osatu zenetik, sindikatuok gure posizioak aldatu egin ditugu; joan den maiatzaren 10ean, enpresarioen aldetik ia mugimendurik gabe 16 hilabete igaro zirenean, sindikatuok ados jarri ginen hitzarmen duin bat izateko ezinbesteko jotzen ditugun puntuen inguruan.

Gezurra da FVEMek zazpi aldiz erantzun dienik maiatzaren 10eko eskari sindikalei. Behin bakarrik erantzun du, eta orduan sindikatuon eskarien guztiz kontrako puntuak jarri ditu mahai gainean. Noiz egin zuen hori? Irailaren 23an, mahaia hiru hilabetez geldirik eduki ondoren eta astebeteko grebarako egun gutxi falta zela.

Negoziazio-Mahaiko bileren aktak irakur daitezke; publikoak dira.

3) HERRI MUGIMENDUEKIKO LANA ETA INTERPELAZIO POLITIKOAK

Irailean bi eratan hasi ginen mugitzen Bizkaiko Metalgintzak gatazka sozializatzeko:

- Batetik, hainbat herri mugimendurekin jarri ginen harremanetan eta bilerak egin genituen gure borrokaren eta Metalgintzako greben zentzua azaltzeko. Azken asteotan kolektibo sozial ezberdinek atxikimendu adierazi dute (ikasleak, gazteak, mugimendu feminista, pentsiodunak, Harro LGTBI plataforma, prekaritate eta bazterkeria sozialaren aurkako kolektiboak…).

Nabarmentzekoa da HARRO kolektiboaren parte hartzea Bilbon irailaren 21ean izan zen manifestazioan, eta pentsiodunekin batera irailaren 30ean izan zen manifestazio bukaera.

Harreman hauek indartu nahi ditugu, eta beste kolektibo batzutara hedatzeko asmoa dugu ere.

- Bestetik, Bizkaiko hainbat udaletan mozioak sartu ditugu. Talde politiko batzuk (EH Bildu, Elkarrekin Podemos) gure eskariekin bat egin dute (esaterako, Durangon eta Lemoan onartu da mozioa), eta horiei emandako babesa eskertu nahi diegu. Aitzitik, beste batzuk (EAJ-PNV, PSE-EE, PP) zoritxarrez ez dute erantzun egokirik eman: mozioen alde ez dute bozkatu eta, kasu batzutan, ulertu ezinekoa bada ere, haiek eztabaidatzeko aukerarik ere ez dute eman.

Oraindik erabakitzeko dago zer gertatuko den mozio / ekimen horrekin Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bilboko Udalean.

4) HITZARMEN DUINAREN ALDEKO BORROKAREN JARRAIPENA ETA DATOZEN EGUNETAKO AGENDA

Bizkaiko metalgintzako sindikatu guztiok mezu argi bat zabaldu nahi dugu: Hitzarmen duin bat lortzeko asmo irmoa dugu, sektorean sortzen den aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin eta langileek pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko.

Beraz, orain FVEMek mugitu behar du fitxa. Hau da, Negoziazio Mahaiaren iraileko azken bileran esan genion bezala, eduki zehatzak proposatu eta eskubideak garatu behar dituzte (subrogazioa / aldi baterako enplegua / ABLEak) Negoziazio Mahaian. FVEMi dagokio Negoziazio Mahaia deitzea eta maiatzaren 10eko plataforma sindikalari erantzun positiboa ematea.

Azken kontu honi buruz zenbait kontu argitu beharrean gaude. Maiatzaren 10eko plataforma sindikala osatu zen negoziazioaren hasieran aurkeztu ziren plataforma ezberdinak batuz. Mahaia ez zen 2019an biltzen hasi, 2018ko otsailean baizik. Mahaiko sindikatu bakoitzak hasieran plazaratutako plataformatik puntu ugari utzi du albora. Hortaz, geuri immobilismoa leporatzea guztiz okerra da. Akordioa lortzeko interesik handiena Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok eta sektoreko langileok dugu, batik bat prekaritatea gehien pairatzen dugunok (subrogazio eza edo aldi baterako kontratuen ondorioz, besteak beste).

Negoziatzeko borondate argia dugu; baina baita mobilizazioari eusteko beharra ere.

Datozen egunetan honakoa egingo dugu:

  • Gure jendearekin batzarrak.

  • Herri Mugimenduekiko aliantzak indartu eta hedatu.

  • FVEM mugiarazteko mobilizazio berriak prestatu eta antolatu; patronalak jendaurrean negoziatzeko prest dagoela sinestarazi nahi du, baina guztiok ikus dezakezue ez da benetan ari.

FVEMek mahaiaren azken bileretan esan digu mehatxu eta xantaiapean zegoela, greba deialdia erregistratuta dagoela negoziatu behar izan duelako.

Tamalez, adierazi nahi dizuegu ustezko negoziatzeko interesa gorabehera, eta orain greba deialdirik ez dagoela, ez sindikatuok, ez Lan Harremanen Kontseiluak ez dugula FVEMen mezurik jaso.

Hau oso esanguratsua da.

Datozen egunetan emango dugu egiteko asmoa dugun mobilizazioen berri.