ARCELOR MITTAL (LEGASA ETA AGURAIN)

Aurrerapauso eza dela eta, EEEaren kontsultaldia luzatuko da

2025/05/21
Arcelor Mittaleko zuzendaritzak espedientearen arrazoiak justifikatu gabe jarraitzen du, eta kaleratzeekin eta Legasako zentroa ixteko asmoarekin jarraitzen du. ELAk salatu du Nafarroako Gobernuari bilera bat eskatu arren, UGTrekin bakarrik hitz egitea erabaki duela, langileen ordezkaritzaren gehiengoa alde batera utzita.

Arcelor Mittalek Aguraingo eta Legasako lan zentroetarako planteatutako enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldian lau bilera egin ondoren, bi aldeek kontsultaldia luzatzea erabaki dute, aurrerapenik ez dagoelako. ELAk salatu du zuzendaritza ez dagoela negoziatzeko prest eta ez duela proposamen berririk ekartzen bileretara. Aitzitik, enplegu-erregulazioko espedientearen arrazoiak justifikatu gabe jarraitzen du, eta kaleratzeekin eta Legasako zentroa ixteko asmoarekin jarratzen du.

ELAk Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu du; izan ere, egoerari heltzeko bileraren proposamenari ez erantzuteaz gain, UGTrekin bakarrik hitz egitea erabaki du, gehiengo sindikala alde batera utzita.

Apirilaren amaieran, enpresak jakinarazi zuen Legasa eta Aguraingo lantokietan 40 langile kaleratzeko asmoa zuela. ELAk urteak daramatza Arcelorren jarrera eta jokabidea salatzen. Enpleguaren suntsiketa etengabea da azken urteotan eta hau beste urrats bat da estrategia horretan. ELAk enpresaren inkongruentziak azpimarratu ditu, ez baita gai planteatutako neurriak justifikatzeko, eta, beraz, espedientea kentzea exijitu du sindikatuak.

Enplegu-erregulazioko espedientearen hurrengo bilera maiatzaren 28an izango da. Bihar, langileek lanuztea egingo dute eta egoera aztertuko dute. Enplegua bermatzeko borrokan, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren adostuko dituzte. Larunbatean manifestazioa deitu dute Legasako lantegitik Donezteberaino.