GIPUZKOAKO METALA

Aurrerapauso garrantzitsuak dituen eskaintza egin du patronalak

2023/05/03
Patronalaren proposamen berri horren aurrean, ohikoa denez, ELAk egoera aztertuko du bere militantziarekin, patronalaren planteamenduari erantzuteko

Gipuzkoako metalaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bilera egin zen atzo. Adegik adierazi du negoziazio mahaia osatzen duten sindikatu guztiekin bildu dela, eta, ondoren, aurrerapauso berriak proposatu ditu. 

Honako hauek dira patronalak aurkeztutako eduki nagusiak:

  • Soldatak: 2023: % 5/2024: KPI +%0,7/2025: KPI/2026: KPI

  • % 85eko soldata igoera hitzarmenaren gainetik dauden soldatetan, hau da, soldata errealetan.

  • Artikulu berria: Laneko gaixotasunen bat duten edo lan istripuren bat duten pertsonek % 100ean kobratuko dute soldata, in itinere istripuetan izan ezik.

  • 2 orduko lanaldi murrizketa. Benetako lanaldia 1.695 ordukoa izango da lanaldi zatituan eta 1.680 ordukoa lanaldi jarraituan.

  • Guraso bakarreko familiek 8 ordu gehiagoko lizentzia izango dute seme-alabei laguntzeko mediku kontsultetarako. Langileen Estatutuaren lizentzia guztiak gutxieneko eskubidetzat hartzen dira.

  • LGTBIQ+ eskubideak: Trantsitoa egiten ari den edozein langile, administrazio prozedura hasi ondoren, nahiz eta prozesu hori amaitu gabe egon, bere nortasun berriaren arabera aitortuko du enpresak.

  • Ekoizpenaren gorabeherengatik kontratuak gehienez ere urtebetez luzatu ahal izango dira orain arte hitzarmenean araututa dagoen bezela. Eraikuntzako, paper eta grafiketako edo gasolindegietako hitzarmenetan horrela adostu da ere.

  • Lehen aldiz proposatzen da hitzarmenean sexu jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren, sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurkako protokoloa.

  • Euskara bultzatzea. Langileen ordezkaritzak enpresako zuzendaritzari hala eskatzen badu, gure hizkuntza normalizatzeari ekin beharko dio.

  • Hitzarmenak blindaje guztiak mantentzen ditu erreforma desberdinen aurrean, baita ultraktibitatea ere, eta ezingo da aplikatu gabe utzi langileekin adostu gabe.

  • Azpikontratatutako langile guztiek subrogatzeko eskubidea izango dute.

Aurrerapauso garrantzitsuak ditu proposamenak, ELAk Gipuzkoan bultzatutako presioaren eta gatazken eskutik datorrena (2023an Gipuzkoan egindako greba egunen % 88,17 ELAk deitutakoak dira). Gogoan izan behar dugu ELAk kezkaz hasi zituela metaleko negoziazioak, ADEGIk eutsi egiten baitzien Bizkaian, Araban eta Nafarroan beste sindikatuek adostutako eduki eskasei (grebak egin arren, babestu zituztenak).

Egoera horren aurrean, ELAk martxoaren 10ean lehenik LABi eta egun batzuk beranduago gainerako sindikatuei proposatu zien akordio sindikal bat lortzea gutxieneko konpromiso eta edukiekin, batera negoziatu ahal izateko, eta prest agertu zen sei eguneko greba egiteko maiatzean eta ekainean, negoziazioan etenaldiren bat gertatuz gero. Jasotako erantzuna ezezkoa izan zen.