Auzitegi Gorenak Arcelor Mittaleko Aldi Batera Enplegu Erregulazioa atzera bota izanak erakusten du enpresaren jokabidea oso larria dela

2021/11/17
Dokumentazio eta informazio falta, enpresaren fede txarra eta iruzurra antzeman ditu epaileak enpresan

2020ko maiatzeko Arcelor Mittalen Alde Baterako Enplegu Erregulazioaren (ABEE) auzian, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi du, eta albiste ona da hori ELArentzat. Izan ere, ELA izan zen ABEEari demanda jarri zion aurreneko sindikatua, eta Auzitegi Nazionalean perituarekin joan zen bakarra. Peritazio hori funtsezkoa izan da enpresaren argudioak gezurtatzeko eta enpresaren dokumentazio falta eta fede txarra frogatzeko.

Horren aurrean, ELAk honako hau ere adierazi nahi du:

  • Arcelor Mittalen jarduna oso larria da, praktika irregularrak eta iruzurrezkoak egiaztatzen baititu epaiak. Azken urteotan, desindustrializazio prozesua sufritzen ari gara, lantegiak itxita eta enplegua etengabe galduta. Zuzendaritzak bere norabidea zuzendu behar du. Inbertsioak, industria proiektu serioak eta plantilla lehenbailehen gaztetzea behar dira. Gardentasun handiagoa eta iruzur gutxiago eskatzen dugu kontuetan.
  • Gainera, baliogabetutako aldi baterako lan erregulazioa jasan zuten langileek soldataren % 100 jaso behar dute. Zuzendaritzaren ohiko jarduna ezagututa ere, espero dugu ez dela saiatuko epaia osorik bete ez dadin.