IBERDROLA

Auzitegi Nazionalak ebatzi du Iberdrolako soldata eskala bikoitza baliogabea eta ilegala dela

2024/03/07
Auzitegi Nazionaleko Lan Aretoko epaiak dio 2020ko abenduan SIE, ATYPE-CC eta USO sindikatuek Iberdrolako zuzendaritzarekin sinatutako VIII. Lan hitzarmeneko (estatu osoko Ibedrolako lan baldintzak arautzen ditu) legez kanpoko soldata taula zuela. Argudiatu du beharginen artean diskriminazioa sortzen duela, enpresan lanean hasi ziren dataren arabera. Izan ere, hitzarmenak jasotzen du 2021eko urtarrilaren 1etik aurretik alta eman zitzaienei taula batzuk aplikatzen zaizkie, eta egun horretatik aurrerakoei, berriz, beste taula bat, soldata %10 apalagoa.

Diskriminazio hori justifikatzeko, Iberdrolak honela justifikatu zuen, sententzian ere jasotzen denez: “inguru lehiakor batean merkatua hartu behar da erreferentziatzat, kontratatu berrientzako soldatak egokituz, edonola ere hauek merkatuko baldintzetatik gora egongo direlarik”.

Erabaki hori zuritzen saiatu zen urtean (2020), enpresak 3.610 milioi euroko etekina lortu zuen; 2021 eta 2023 artean, berriz, 13.027 milioi euroko mozkinak metatu ditu. Hala ere, orain lanean hasten direnen baldintzak prekarizatu ditu; langile batzuen hasierako soldata urtean 15.333€ izan liteke (hots, konpainiako presidenteak egun bakarrean irabazten duena baino gutxiago).

Lan baldintzak prekarizatzeaz gainera, Iberdrolak deitoratzen du enpresak herrialdean jasaten duen zerga-karga handia, inolako zentzurik ez duena. ELAk gogor kritikatzen ditu halako adierazpenak, urtez urte etekinak pilatuta ere ez baidute zergatik ordaindu nahi. Sindikatu honen aburuz, bidegabea eta immorala da hainbeste diru irabazten duen enpresa batek zerga gutxiago ordaindu nahi izatea.

ELAko atal sindikalak kargu hartu zien azken hitzarmeneko sinatzaileei. Izan ere, aipatutako eskala bikoitzaz gain, akordioan ez baitziren aintzat hartu lantaldearen eskari asko. Dirutza irabazten duen enpresa batean akordio hark langileei ez die erosahalmena bera ere bermatzen.

Horregatik, akordioa sinatu zenetik urteak igaro diren arren, ELAko atal sindikalak eutsi egin die mobilizazioei, soldata igoerak Iberdrolaren irabazien araberakoak izan daitezen. Sindikatuak ez du amore emango, eta bere langileen kontra eragindako injustizia eta legez kanpoko egintzak salatuko ditu aurrerantzean ere.

2024ko abenduan iraungiko da Iberdrolaren lan-hitzarmena. ELAko atal sindikalak dei egiten die Hego Euskal Herriko langileei bertako negoziazio eremuaren alde borroka daitezen.