Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazituen alorreko langileen elkarretaratzea

Mahai negoziatzailearen zortzigarren bilera burutu ostean, enpresaburuek egungo hitzarmena berrestearen aldeko apustua egiten dute eta soldatak modu honetan igotzea:
2018:%1,1 KPI gabe
2019:%1,1 KPI gabe
2020:%1,2 KPI gabe
ELAren aburuz, proposamen hau zinez onartezina da, sektorea osatzen duten enpresak izugarrizko irabaziak ari dira metatzen eta adierazi dezakegu irabazi horiek ez direla lan errentetara bideratzen, erabat prekarioa eta feminizatua den sektore honetan.
Bestetik, ELAtik gogorarazi nahi dugu, egun indarrean dagoen hitzarmena ez genuela sinatu, arrazoi nagusi hauegatik:
- Ez da hitzarmenaren betetzea bermatzen
- Ez zaio sektoreko prekarietateari aurre egiten.
- Ez ditu langileen lan baldintzak babesten, azken lan erreformen aurrean.
ELAk berresten du hitzarmen duin bat lortzeko borrokan jarraituko duela, honako gaiak ardatz harturik; soldata igoera nabarmenak , lan-jardunaldiaren murrizketa, erreformen aurrean babesteko neurriak, aplikazio bermeak, prekarietatea ezabatzeko neurriak.