Bizkaiko Kontserben sektoreko langileak beren lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen baten alde mobilizatu dira

2021/11/12
Bizkaiko Kontserben sektoreko langileek 7 hilabete daramatzate beren lan-baldintza eskasak hobetuko dituen hitzarmen bat negoziatu nahian. Gaur, azaroak 12, Bilbon egin dute manifestazioa eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Delegatuek salatu dutenez, negoziazio mahaiko 7 bilera egin ondoren, patronalak soldatak izoztea eta erosteko ahalmena galtzea baino ez du planteatu, hori guztia soldatak 1.000 eurora iristen ez diren sektore batean. Bizitza duina izateko soldatak lortzeko garaia dela azpimarratu dute langileek, eta horregatik 1.200 euroko soldata exijitzen dute. Hala ere, gogorarazi dute auzia ez dela soilik ekonomikoa; izan ere, lan-eskubideak hobetu eta bizi duten prekaritatea ezabatu nahi dute.

Halere, ziurtatu dutenez, patronalak ez du inolako irtenbiderik eskaintzen, edo zuzenean uko egiten dio prekaritateari aurre egiteari, lan-osasuna hobetzeari, lan-erreformaren aurka blindatzeari, lanaldi-murrizketaz hitz egiteari, mutuen zeregina arautzeari, enpleguari egonkortasuna emateari... Mota guztietako malgutasuna, ordu-poltsa, behin-behinekotasuna, aldizkako finkoak eta aldi baterako lan-erregulazioak aplikatzen dizkietela salatu dute, baina patronalak are malgutasun handiagoa eskatzen duela.

Era berean, gogorarazi dute sektoreko langileak funtsezkotzat jo zituztela pandemia garaian, baina orain ez zaiela baliorik aitortzen.