Bizkaiko metal arloko beharginek Bilboko kaleak bete dituzte

2019/09/21
Manifestazio handi bat egin dute Bizkaiko metaleko beharginek grebaldi berri baten atarian; 8.000 lagun inguru batu dira protesta honetara. Uda aurreko greba arrakastatsuak egin ostean, gaur ere argi geratu da Bizkaiko Metaleko borrokak jarraipena duela. Zentzu honetan, ELAtik manifestazioan egon diren metaleko langileak zoriondu nahi ditugu, eta noski, baita ere, guri babesa ematera gerturatu diren pertsona eta eragile guztiak ere. Berriro ere agerian utzi dugu prest gaudela beste bost greba egun aurrera eramateko, irailak 30etik urriak 4rarte hain zuzen ere.

Irailaren 23an beste bilera bat dugu negoziazio mahaian. FVEMek, zentzu honetan, baiezko erantzuna eman beharko lioke sindikatuon plataforma komunari. Hurrengoak dira eduki aipagarrienak:

  • Soldata igoerak: KPI +%2 tauletan eta KPI +%1 soldata errealetan.
  • Subrogazio eskubidea sektoreko azpikontrata guztietan.
  • Neurri zehatzak behin behinekotasuna eta ETTen erabilera mugatzeko.
  • Neurri zehatzak genero berdintasunean.
  • Aurrerarapausu zehatzak lan osasunean.

Ondorioz, patronalak berriro ere ez baditu onartzen sindikatuon aldarrikapenak, irailak 30etik aurrera produkzioa eten egingo da Bizkaiko Metalean eta kaleak ere beteko dira jendez.