Bizkaiko Metala: Gaurko bileran ere patronalak ez dio plataforma sindikalari erantzun egokirik eman

2019/09/18
Patronalak, ezer berririk ez planteatzean, berriro agerian utzi du ez daukala negoziatzeko borondaterik. Ez du sektorean sortzen den aberastasuna banatzerik nahi, ez eta dagoen prekaritate handiari irtenbiderik eman nahi. 23 aldiz bildu da Bizkaiko Metaleko lan-hitzarmena negoziatzen duen Mahaia.

Batzarrean FVEMek ez du ekarpen berririk egin; eta besteak beste ez du hitzegin nahi izan subrogazioa eta behin behinekotasunari buruz. Irailaren 10ean lau sindikatuok jada esan genuen patronalaren proposamena ez zela nahikoa. Bilera honetan, hasieran, sindikatuok, FVEMek aurreko hitzorduan ekarri zuen agiriari erantzun zehatza eman diogu:

- Soldatei dagokienez FVEM oso urrun dago helburu sindikaletatik. Proposatzen duen gutxieneko soldataren bermeak oso eragin txikia du.

- Genero berdintasunaren eta lan osasunaren inguruko testuek ez dituzte enpresak inola ere derrigortzen; gai hain garrantzitsuetan ez dago inolako aurrerapausorik.

- FVEMek ez du ezer jakin nahi subrogazio eskubideaz, eta ez du aldi baterako enplegua arautzeaz hitz egin nahi.

Ondorioz, FVEMen planteamenduak oso urruti daude sindikatuok maiatzak 10ean plazaratu genuen plataformaren edukietatik.

Patronalak, gaur ezer berririk ez planteatzean, berriro agerian utzi du ez daukala negoziatzeko borondaterik. Ez du sektorean sortzen den aberastasuna banatzerik nahi, ez eta dagoen prekaritate handiari irtenbiderik eman nahi.

Hurrengo bilera irailak 23an izango da, goizeko 10hetan.

Horrenbestez, ELAk dio FVEMek baiezko erantzuna eman behar diola plataforma sindikal bateratuari. Hauek dira, besteak beste, gure aldarri garrantzitsuenak:

- Soldata igoerak zenbateko errealetan (KPI + %1) eta tauletan tablas (KPI + %2)

- Subrogazio eskubidea

- Aldi baterako enpleguari eta ABLEei buruzko neurri konkretuak

- Berdintasun eta lan osasunean behar bezalako aurrerapausoak egin behar dira

Azkenik, ELAk dei egiten die Bizkaiko Metaleko langileei eta herritarrei parte har dezaten irailaren 21ean, zapatuarekin, eguerdiko 12etan Bilboko Euskadi plazatik abiatuko den manifestazioan; hau izango da goiburua: “Lan Hitzarmen duinaren alde, greba Bizkaiko Metalean”.