Bizkaiko metalaren sektorean greba egun gehiago deitzearen alde egin du ELAk

2022/11/02
ELAk manifestazioa egin du gaur Bilboko erdigunean, Bizkaiko metalgintzan deitutako grebaren hirugarren eta azken egunean. Grebaren jarraipen zabala izaten ari da. Manifestazioan, metalgintzako langileek berriro eskatu diote patronalari aberastasuna justuki banatuko duen hitzarmena, eta ohartarazi dute, negoziazioak blokeatuta jarraitzen badu, ELA berriro mobilizatuko dela greba egun gehiagorekin.

Hiru greba egun masiboek (urriaren 27a eta 28a eta azaroaren 2an egin dira) erakusten dute Bizkaiko metalak jauzi nabarmena egin behar duela, bai edukietan, bai aurreikusitako mobilizazioetan. Alde batetik, gogoratu behar da ELAk KPIaren araberako soldata igoerak eskatzen dituela, baita subrogazioa handitzea, prekarietatearen eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak, lanaldia murriztea edo emakumeek sektorean jasaten duten diskriminazioaren aurkako neurriak ere, besteak beste.

Langile guztientzako izango diren eduki horiek azken negoziazio mahaian aurkeztu zituen sindiaktuak, eta etorkizuneko greba deialdietarako oinarriak izan beharko luketela uste du ELAk. Bestalde, eta deialdien arrakastaren ondoren, ELA ziur da Bizkaiko metalak greba egun gehiagotara jo behar duela.

Horregatik, sektoreko langile guztiak zoriontzeaz gain, ELAk borrokan jarraituko du Bizkaiko metalgintzako negoziazioetan eduki argiak eta mobilizazioak sustatzeko.