Bizkaiko Metalean gutxieneko zerbitzuei buruzko epaia betetzeko exijitu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari

2019/11/25
Ekainean, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Bizkaiko metalaren gaineko gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri zituen greben lehen fasearen inguruan. Ekainaren 19ko aginduan, gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak Petronorren eta haren kontraten (Bizkaiko Metaleko hitzarmena aplikatzen zaie) interesen aldekoak baino ez ziren.

ELAk salatu zuen Jaurlaritzak enpresen aldeko jarrera hartu zuela berriro. Bide judizialari ere ekin zion, gutxieneko zerbitzu horiei helegitea jarriz. Gero, uda osteko 5 greba egunak iritsi ziren Bizkaiko Metalean. Alegazioen fasean, ELAk Lan Sailari adierazi zion ekainaren 19ko gutxieneko zerbitzuen aurrekariak ez zuela balio; errekurrituta zeudela eta Legetik kanpo zeudela. Ez ziguten kasurik egin.

Bada, Bizkaiko Metalean 8 eguneko greba ziklo berri honi begira, jakin dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman diola ELAri, demanda baietsiz, Eusko Jaurlaritzako Lan Saila kondenatzen du, ekainaren 19ko gutxieneko zerbitzuen agindua deuseza eta zuzenbidearen aurkakoa dela adieraziz.

Ildo horretan, ELAk jada eskatu du, alegazio-fasean, hurrengo 8 greba-egunei begira, Gobernuak epaia onar dezala, eta ez dezala berriro planteatu zerbitzu mininoen agindu bat, zuzenbidearen aurkakoa, eta enpresen aldekoa, aurreko bi aldietan egin duen bezala.