Bizkaiko Metalean izan den laugarren greba egunak %85eko jarraipena izan du

Bizkaiko Metaleko grebaren laugarren egunak ere parte hartze handia izan du, sektoreko langileen %85ak deialdiarekin bat egin baitu. Halere, ugazabek hitzarmen berri bat posible egingo lukeen eskaintzarik ez dute egin, eta ondorioz, greba eta mobilizazioekin jarraitzea ezinbestekoa izango da. Halaber, Ezkerraldean eta Durangon izan diren manifestazioetan milaka lagunek hartu dute parte, lan baldintzak hobetzeko aldarria kaleratuz.
Enpresen etekinak gero eta handiagoak izanik eta patronalak agertzen duen harrokeria medio, soldatak duela hamar urtetik gora izoztuta dituzten milaka langilek kalean adierazi dute beren haserrea.
Bestalde, ELAk nabarmendu du Durangaldeko zenbait puntutan eragindako istiluak (errepideak moztea eta abar) grebaren estrategiatik kanpo daudela, eta gainera desitxuratu egiten dutela aspaldiko partez sektorean izan den mobilizaziorik handiena, hala grebari nola Bizkaian zehar egin diren manifestazioei dagokienez. ELAk salatu egin du ere Ertzaintzako hainbat taldek izan duten jokabidea, zenbait unetan neurrigabeko indarrez jardun baitira.