Bizkaiko metaleko patronalak ez du bermatu nahi KPIaren igoerarik, ezta lan baldintzen hobekuntzarik ere

2022/09/27
Irailaren 26an egindako Bizkaiko metalaren negoziazio mahairen ostean, ELAk adierazi du patronalak, FVEMek, aurkeztutako proposamena sektoreak eskatzen duenetik oso urrun dagoela, ez baitu bermatzen KPIaren igoerarik, ezta lan baldintzen hobekuntzarik ere. Gauzak horrela, sindikatuak uste du grebara jotzeko unea dela, soldatak eta lan baldintzak nabarmen hobetzeko. "Lan karga izugarri handia da eta enpresak etekin handiak ditu; patronalak, ordea, Bizkaiko metalgintzako langileak pobretu nahi ditu", salatu du. Hurrengo bilera urriaren 13an izango da.

ELAk deitoratu egin du 2022ko hamabigarren bilera horretan patronalak ez duela ezer berririk jarri mahai gainean. Azpimarratu du, gutxienez, KPIaren igoerak bermatu behar direla indarraldiko urte bakoitzean; igoerak tauletara eta soldata errealetara. Gainera, salatu du patronalak ez diela erantzun positiborik ematen sindikatuen plataformaren beste aldarrikapen garrantzitsu batzuei, hala nola lanaldi murrizketari, subrogazioari, aplikazio bermeei eta bestelakoei.