Bizkaiko metaleko patronalak sektoreko aldarrikepeni muzin egiten jarraitzen du

2022/12/14
Gaur, abenduaren 14an, sindikatuek eta FVEMek egindako bileran, patronalak ez du hobekuntzarik proposatu, eta azaroaren 25ean aurkeztutako eduki bera eskaintzera mugatu da. Gauzak horrela, ELAk greba mugagabearen aldeko apustua egin du sektoreak aldarrikatzen dituen edukiak lortu arte. Izan ere, sindikatuak uste du patronalak eskaintzen duena langileen beharretatik urrun geratzen dela. Horien artean daude sektore osorako KPIari lotutako berehalako igoerak dituen hitzarmen bat; horren aplikazioa bermatzea; lanaldia murriztea; ABLEak kontrolatzea; eta eskubideak handitzea.

Abenduaren 2an amaitu ziren sektorean jarraian egindako bost greba egunak, 11 guztira. Deialdiak erabateko jarraipena izan zuen eta manifestazio jendetsuak egin ziren. “Greban parte hartu zuten sektoreko langileek azaroaren 25eko FVEMen proposamenari uko egin zioten” ELAk azpimarratu duenez.

Hurrengo bilera abenduaren 21an arratsaldez izango da.