ELA, LAB, CCOO eta UGT-k Bizkaiko metaleko bost eguneko grebari eutsiko diote

2019/09/10
Irailaren 30ean eta urriaren 1, 2 ,3 eta 4an egingo dute greba Bizkaiko metalean. Patronalarekin bildu ostean hartu dute bost eguneko greba deialdia mantentzearen erabakia, patronalak negoziatzeko inongo borondaterik ez duela berretsi eta gero. Izan ere, ELA, LAB, CCOO eta UGTren esanetan, patronalak bilerara eraman duen eskaintza oso eskasa izan da. Azaldu dutenez, patronalak ez du ezer planteatu subrogazio eskubideari buruz eta prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aldeko jarrera garbia erakutsi du. "Argi utzi digute aurrez aurre duguna patronala dela, sektorean sortzen ari den aberastasuna banatzeko asmorik ez duen patronala, hain zuzen ere", gaineratu dute sindikatuek.

ELA, LAB, CCOO eta UGT-ren agiri bateratua:

Lehenik eta behin, Bizkaiko Metalean egiten ari garen borrokak helburu argia duela gogoratu behar dugu: sektorean dagoen prekaritatea gainditzeko edukiak lortzea. Horregatik, behin eta berriz aldarrikatzen ditugu soldata igoerak (tauletan eta errealetan); subrogazio eskubidea; emakume eta gizonen arteko berdintasuna; aldi baterako enplegua eta ABLEen erabilera arautzea; baita lan osasuna bermatzeko neurriak ere. Edukiok maiatzaren 10ean plazaratu genituen plataforma sindikal bateratuan. Eta esan beharra dago plataforma hori lau sindikatuok iritsitako akordioaren fruitua dela, gure hasierako posizioak aldatu ondoren. Beraz, FVEM gezurretan ari da hasierako plataforma bera dela esaten duenean; sindikatuok mugitu gara.

Kontuan izan behar da 2019ko maiatzean eta ekainean bost greba egun izan zirela, eta horiek sektoreko enpresatan jarraipen handia lortu zutela; mobilizazioak ere ikusgarriak izan ziren. Nabarmentzekoa da ere negoziazio-mahaian egon ez arren beste sindikatu batzuk ere (ESK, CGT, USO, CNT) bidean eta borrokan lagun ditugula.

Uztailean patronalak gure eskariak gutxietsi zituenez, uda osterako beste bost greba eguneko deialdia iragarri genuen. FVEMek ekainaren 17ko batzarrean hitza eman arren hurrengo bilerarako eguna finkatuko zuela, hilabete luzea eman zuen horretarako; uztailaren amaieran irailerako deitu gintuen.

Bada, lau sindikatuok bilera izan dugu FVEMekin Lan Harremanen Kontseiluko egoitzan. Hau da gure balorazioa:

  •  FVEM ez die erantzunik eman maiatzak 10eko sindikatuon plataforma komuneko edukiei.
  •  Patronalak ez du ezer planteatu subrogazio eskubideari buruz; ezta prekaritatearekin erlazionatuta dagoen behin behinekotasunari eta ABLEri (ETT) buruz.
  •  Flexibilitatean eta bajen kontuan elementu atzerakoiak mantentzen dituzte.

FVEMek planteatutakoa eskasa da. Argi utzi digute aurrez aurre duguna patronala dela, sektorean sortzen ari den aberastasuna banatzeko asmorik ez duen patronala, hain zuzen ere. Gainera, lan baldintza ahalik eta prekarioenak mantendu nahi ditu Bizkaiko Metalean.

Hurrengo mahaiko bilera irailaren 18an izango da, 12:30etatik aurrera:

Ondorioz, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk dei egiten diegu langileei sektoreko gatazka indartu dezaten. Hauxe da datozen asteetarako gure mobilizazio agenda:

  • 5 greba egun Bizkaiko Metaleko enpresa guztietan, irailaren 30ean eta urriaren 1, 2 ,3 eta 4an.
  • Irailaren 21ean, larunbata, eguerdiko 12etan Bilbon manifestazioa egingo dugu, Euskadi Plazatik (FVEMen egoitza han dago) Areatzako zubiraino.
  • Irailaren 12an bilkura greba eskubidearen alde eta jazarpen sindikala salatzeko Bilboko Portu aurrean (Zierbenako sarrera), 13:30etatik 14:30ak arte, HAIZEA WIND enpresaren jarrera salatzeko.

Gainera, Bizkaiko Metaleko borroka areago sozializatzea erabaki dugu, honako neurriokin:

  • Hainbat kolektibo sozialekin bilerak.
  • Gatazkari buruzko mozioak sartuko ditugu Bizkaiko Foru Aldundian eta lurraldeko udal ezberdinetan (Bilbo, Barakaldo, Erandio, Basauri, Gernika, Durango, Igorre, Mungia, Zamudio).
  • Irailean batzarrak deituko ditugu eta lantokietan lan espezifikoa egingo dugu 5 greba egunetan produkzioa berriro geldiarazteko.

Ziur gaude patronal honen diru-gosea dela eta, gure helburuak iristeko bide bakarra daukagula: borroka, mobilizazioa eta greba. Gure helburua oso argia da: Bizkaiko Metalaren sektorean aberastasunaren banaketa bidezkoa izan dadin, langileek ez dezatela prekaritaterik pairatu.