Bizkaiko metalgintza sektoreko patronalak negoziazio-mahaian ez du inolako aurrerapausorik proposatu

2018/03/27
Bizkaiko Metalgintzako Lan-Hitzarmena negoziatzeko hirugarren bilera izan da. Aurreko aldian ordezkaritza dugun lau sindikatuok gure posizioa azaldu genuen, bakoitzak bere plataforma proposatu zuelarik. Bi aste igaro direnean Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak ez du inolako aurrerapausorik eskaini hitzarmen probintziala hobetzeko. Apirilaren 20an izango den hurrengo batzarrean zerbait konkretuagoa ekarriko duela esan du.

 

Bestalde, ELAk Mahaiko beste partaideei agiri bat aurkeztu die; paper honen helburua da Bizkaiko Mahaitik estatuko negoziazio-batzordeari eskatzea Bizkaiko eremua estatu mailako hitzarmenaren eraginpetik atera dezatela. Gainerako sindikatuak agiria aztertzekotan geratu dira, baina patronalak aurkako jarrera agertu du jada.

ELAren ustez, duela gutxi estatu mailako patronal batek (FEADRS) Lanbidearteko Akordioa inpugnatu izanak berriro utzi du agerian estatu mailako eremutik gero eta sarriago sartu nahi dutela muturra berton, eta horrek oso eragin kaltegarriak dituela.