Bizkaiko metalgintzako FVEM patronalak ez dauka lan-hitzarmen duina sinatzeko borondaterik

2018/12/05
ELAk Bizkaiko metalgintzako FVEM patronalari kargu hartu dio ez daukalako borondaterik lan-hitzarmen duina eta aplikatzeko bermea izango duena sinatzeko.

Mahai sektorialaren hamalaugarren bileran FVEMek lan-hitzarmenari buruz azken proposamen hau egin du:

  • Iraupena: 3 urte (hasieran eskainitakoa baino urtebete gehiago)

  • 2018rako soldata igoera %0,25 gehitu du

  • Ultraaktibitatea: Gehienez 3 urterako

Plataforma sindikaletan aipatzen diren beste gaiez ez du ezer jakin nahi. Gainera, malgutasunari eta bajen kontrolari dagokienez eduki erregresiboak sartu nahi ditu. Hitzarmena aplikatuko dela bermatzeko ez du klausula eragingarririk eskaintzen. FVEMen proposamena hor bukatzen da. Ez dauka dagoen prekarietatea amaiarazteko asmorik. Kontutan izan behar da Bizkaiko metalgintza sektorea oso une onean dagoela, patronalak berak hainbatetan aitortu izan duenez. Halere, enpresarien elkarteak eta bere kideek sektorean sortzen den aberastasuna oso-osorik bereganatu nahi dute.

ELAk bileran adierazi du honako puntuak bilduko dituen hitzarmen sektoriala duela helburu:

  • Hitzarmenak irauten duen artean soldata errealetan KPIz gaindiko igoerak
  • 2012 eta 2017 bitarteko soldatak eguneratzea
  • Ultraaktibitate mugagabea
  • Hitzarmena aldebakarreko erabakiz ez aplikatzeko benetako bermeak
  • Malgutasuna murriztea
  • Enpresetan berdintasun plan derrigorrezkoak, Legeak esaten duenetik harago
  • Prekarietatearen aurkako tresnak (kasu guztietarako subrogazio bermea; zerbitzu-enpresak arautzea; ABLEak arautzea...)
  • Lanaldi murrizketa

Horrenbestez, ELAk bere bideari jarraituko dio, enpresetan antolakuntza aldetik hobetzea alegia. Izan ere, antolakuntza eta indar-erlazio egokiak ematen baitigu aukera enpresa-hitzarmen duinak, aplikatuko direla bermea dutenak, ixteko.