Bizkaiko metalgintzan grebak jarraipen oso handia izan du

2019/05/23
Sektoreko hitzarmenak eragindako langileen bi herenek egin dute bat Bizkaiko metalgintza sektorean deituta zegoen grebarekin. ELA, CCOO, LAB eta UGTko bozeramaileen arabera greba “oso handia” izan da, Bizkaiko metalgintzako langileen %70etik gorako parte hartzearekin. ELAko Mikel Etxebarria arduradunak nabarmendu du deialdiak “egundoko babesa” izan duela, eta patronalari dei egin dio hitzarmenean onar ditzala soldata igoerak eta prekaritate maila izugarriari aurre egiteko beharra. Sindikatuek laneko istripuen gorakada lazgarria salatu dute, eta maiatzaren 22an Loiuko Aceros Olarran hildako behargina gogoan izan dute.

Mikel Etxebarriaren arabera, sektoreko enpresen etekinak etengabe hazi dira, eta bitartean patronalak ez du egiten metalgintzaren egoeraren araberako eskaintzarik. “Krisi garaian galdutako eros-ahalmena berreskuratu nahi dugu”, esan du. Ildo horretan, ekainaren 3rako aurreikusita dagoen bileran proposamen bat egitea eskatu dio patronalari. Ekainaren 6, 7, 20 eta 21erako greba deituta dago sektore honetan. 

Eguerdian 10.000 langilek parte hartu dute Bilbon ospatu den manifestazioan.

ELA, CCOO, LAB eta UGTren aldarrikapenak:

  • - 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzerakinen ordaina.

  • - Inolako kasutan ez dio langile batek enpresari itzuliko `aurrerapen gisa´ jasotako igoerarik, hauek hitzarmenean adostutakoa gaindituz gero.

  • - Igoerak tauletan eta soldata errealetan ezarri behar dira sektorean lan egiten duten behargin guztientzat. Soldata eskaria: Hitzarmenaren iraupen urte bakoitzeko KPI+2 tauletan eta KPI+1 soldata errealetan.

  • - Subrogazio eskubidea.

  • - Lan erreformaren aurkako blindajea: Lan baldintzak ez aplikatzearen aurkako klausula eta ultraaktibitatea mugagabea.

  • - 8 orduko lanaldi murrizketa.

  • - Aldi baterako kontratuak eta ABLEek kontratatzeko aukera mugatzeko neurriak. Kontratuetan iruzur egiten duten enpresetan malgutasuna aplikatzeko mugak.

  • - Sektorean genero berdintasuna areagotzeko neurri efektiboak.

  • - Lan osasuna lehentasun izateko helburuan aurrerapausoak.

  • - Hitzarmenaren edukia 2019 urtera egokitu, azken negoziaziotik hona izan den edozein eskubide hobekuntzat aintzat hartuz. Hizkuntza sexista zuzendu.