CAF Beasain eta Irungo enpresa batzordeek zuzendaritzak jarduera geldiarazteko hartutako erabakia inpugnatuko dute

2022/03/22
Garraio grebak eragindako egoera aitzakia hartuta, CAFeko zuzendaritzak ia ekoizpen lan guztiak geldiaraziko dituela iragarri eta gero, Beasaingo eta Irungo enpresa batzordeek erabaki hori bide judizialetik inpugnatuko dutela baieztatu dute. CAFek malgutasun mekanismoa aktibatu nahi du -Gipuzkoako industria siderometalurgikoaren hitzarmen kolektiboaren 9. artikulua-, eta langileak behartu nahi ditu martxoaren 23, 24, 25, 28 eta 29an ekoizpena gelditzera; egun horiek murriztu ahal izango dira garraioko greba lehenago amaitzen bada. Bi batzordeek salatu dutenez, ordea, CAFek ez du egiaztatu zein neurritan eragiten dion materialik ezak, eta ez du zehaztu zein atal edo langileri eragingo liokeen material falta horrek. Salatu dutenez, kaltetutako lanpostuak zehaztu eta arazo zehatz horiek konpontzen saiatu beharrean, enpresak arazoa larriagotu du hasieratik, zuzeneko eskulan osoari eragiten dioten neurri orokorrak planteatuz.

“Neurrigabeko neurria da eta arazoaren pisua langileen bizkar utzi dute», diote. CAFeko zuzendaritzak martxoaren 17an helarazi zien erabakia batzordeei.

Era berean, batzorde biek zuzendaritzari gogorarazi diote hitzarmenak dagoeneko jasotzen duela, bere 30. artikuluan, enpresak zer aukera dituen aipatzen duen material gabezia gertatzen denean.