CCOOk eta LABek ontzat eman dute patronalaren proposamena Gipuzkoako papergintza sektorean

2019/07/05
Ia erabateko jarraipena izan duten sei greba egunen ondoren, ADEGIk deituta Gipuzkoako papergintza sektoreko negoziazio-mahaiaren bilera izan da uztailaren 5ean. ELAren iritziz hitzarmenaren negoziazioa garatu ahala lortu diren aurrerapausoak papergileen borrokari esker erdietsi dira. CCOOk eta LABek posizio zorrotzagoa hartu izan balute, eta euren babesak emango lukeen indar metaketa handia ikusita, hitzarmen historikoa lortu zitekeen, sektoreak bizi duen egoerari egokitutakoa, etorkizunean aplikatuko denaren berme guztiak izango zituen hitzarmena, hain zuzen ere. Aukera hori, ordea, zapuztu da.

Greba aurreko azken bileran patronalak esan zuen ez zegoela eskaintza berririk egiteko tarterik. Beren lan-hitzarmenaren defentsan sekula huts egiten ez duten papergintzako langileen irmotasun eta ausardiari esker ADEGIk bere eskaintza aldatu egin behar izan du. Gaur aurreko proposamena honako ataletan berritu du:

  • Soldatak: KPI + %1 (2019), KPI + %1,25 (2020) eta KPI + %1,25 (2021).

  • Hitza eman du errelebo kontratua arautzeko 2022ko abenduaren 31ra arte oinarritzat hartuko duela 20/2018 Errege Lege-Dekretua.

  • Sendagilearen kontsultetarako baimena hobetuko da, baita familia monoparentalentzat ere.

Honi erantsi behar zaio aurrez ere izan zirela aurrerapauso batzuk; esaterako, ELAk ondo iritzi zion aldi baterako ezintasunak %100ean ordaintzeari, laneko istripu edota gaixotasun kasuetan.

Haatik, ADEGI erabat uko egin dio plataforma sindikal bateratuko beste puntu nagusi batzuk negoziatzeari; puntu horiek papergintzako langileen eguneroko martxa hobetuko zuketen, eta finkatutako eskubideak egokitu egingo zituzkeen lege-errealitate eta jurisprudentzia berriaren arabera. Soldatei dagokienez igoera ez da aurreko hitzarmenean adostutakoa baino askoz hobea, gaur sektorea askoz hobeto dagoen arren. Gure ustez errelebo kontratuari buruzko testua hobetu beharra dago.

Zoritxarrez, ADEGI eta sektoreko enpresak azken lan erreformak aplikatzearen aldeko jarrerari eusten ari dira. Uko egin diote hitzarmena aldatzekotan langileekin akordioa derrigorrezkoa izateko eskariari. Haien helburua da hitzartuta dagoena alde bakarreko erabakiz aldatu ahal izatea. Larria deritzogu horri. Oraingoan ere agerian geratu da ADEGIk aldezten duen lan harremanen eredu berriak, non ustez konfiantza eta gardentasuna nagusi diren, ez duela zerikusirik enpresetan egunero gertatzen denarekin.

ELAren iritziz hitzarmenaren negoziazioa garatu ahala lortu diren aurrerapausoak papergileen borrokari esker etorri dira. CCOOk eta LABek posizio irmoagoa izan balute, grebak babesteaz gainera, hitzarmen historikoa lortzeko moduan egongo ginatekeen, sektoreak bizi duen unearen araberakoa eta etorkizunean ere aplikatuko delako bermea izango zukeena.

Datozen egunetan izango diren batzarretan langileek izango dute hitza.