CIE Orbelan Plásticos

Greba mugagabearen lehen egunak Andoain eta Anoetako tailerren itxiera eragin du

2024/04/22
Andoain eta Anoetako CIE Orbelan Plásticos enpresako tailerrak itxi behar izan dituzte, langileek deitutako greba mugagabea dela eta. Izan ere, deialdiak erabateko jarraipena izan du. Langileak enpresa hitzarmen baten alde ari dira borrokan, baina hilabeteetako negoziazioaren ondoren, enpresak planteatutako azken proposamenak ez zituen kontuan hartzen langileen eskaerak, eta, beraz, greba mugagabea hastea erabaki zuten. Langile gehienak emakumeak dira eta hauek dira euren aldarrikapen nagusiak: soldatak igotzea, gauetako prezioak igotzea, lanaldia murriztea eta lan poltsen orduak murriztea. Alde batetik, soldatak hobetu nahi dituzte, eta, bestetik, mugatu nahi dute enpresak ordu poltsa aldebakarrez erabiltzeko duen gaitasuna.

Ez da lehen aldia greba mugagabea egiten dutena. 2022An ere izan ziren greban, eta 4 borroka egunen ondoren, enpresako hitzarmen kolektibo garrantzitsua lortu zuten.

ELAk azpimarratu du langileen eskaerak bilduko dituen hitzarmen kolektibo baten alde borrokatuko duela, kolektibo horrek pairatzen duen prekaritateari aurre egiteko.