ELA benetako hobekuntzak izango dituen hitzarmenaren alde mobilizatuko da
ELAk Bizkaiko metalgintzako ordezkarien batzarra egin du sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera eta FVEMk ezartzen duen blokeoa aztertzeko. Sindikatuak azpimarratu du negoziazioak sektoreko langileen benetako beharrei heldu behar diela. Beharrezkoa da KPItik gorako soldata igoerak adostea erosahalmena berreskuratzeko, jarduera guztietan subrogazio eskubidea, antzinatasuna eguneratzea, lanaldia murriztea, hitzarmenak aplikatzeko bermeak ezartzea eta genero diskriminazioen aurkako neurri eraginkorrak lortzea.
Era berean, kontuan izan behar da mozkinek gora egiten duten testuinguru batean gaudela, baina hitzarmenak berritzen ez dituzten langileek bizitzaren garestitze etengabea pairatzen dute, egungo KPIa % 3,2 izanda.
Batzarraren ondoren, manifestazio bat egin da Bilboko kaleetan, eta patronalaren egoitzaren aurrean amaitu da.
ELAren ustez, sektorearen antolaketa eta mobilizazioak funtsezkoak izango dira negoziazioa desblokeatzeko.