KIMIKEN SEKTOREA

ELA Madrilera joan da sektorearen baldintzak Hego Euskal herrian negoziatzeko eskatzera

2024/02/15
Otsailak 15an kimikako hitzarmen berriaren negoziazio mahaia eratu da Madrilen. ELAk bileran adierazi du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako langileek Hego Euskal Herrian negoziatutako hitzarmen sektorialak nahi dituztela. Estatuko hitzarmenak ez die erantzuten sektorean lan egiten dutenen beharrei.

Estatuko hitzarmenak soldata txikiak, lanaldi zabalak eta eskubide urriak dakartza. Azken batean, hitzarmen prekarioa da, enpresei bakarrik mesede egiten diena, eta hala uste dute CONFEBASK, CEBEK, ADEGI, SEA eta CEN patronalek, Estatuko hitzarmenari eusten baitiote, Euskal Herrian negoziazio-mahaiak irekitzeari uko eginez.

ELAko ordezkariek honako planteamendu hauek egin dituzte Estatuko mahaia osatzeko:

  • FEIQUE patronalak hitzarmen autonomikoak negoziatzeari uko egin dionez, ELAk berriro eskatu nahi du negoziazio mahai bat irekitzea kimikako sektoreko hitzarmen bat negoziatzeko, bai Euskal Autonomia Erkidegorako, bai Nafarroako Foru Erkidegorako.
  • Horregatik, Industria Kimikoaren hurrengo Hitzarmen Orokorraren testutik sektoreko negoziazio kolektiboaren egituraren 1.2 artikuluaren 3. paragrafoa kentzea eskatzen dugu. Era berean, hitzarmen kolektiboaren azken xedapena ezabatzeko ere eskatzen dugu. FEIQUE enpresa-elkarteak eta CCOOk eta UGTk adostutako bi artikulu horiek erabili dituzte patronalek Euskal Herriko sektore-negoziazioa ukatzeko.
  • ELAk adierazi du ez duela parte hartuko Industria Kimikoaren Estatuko hurrengo Hitzarmenaren bileretan.

Kimika sektorearen baldintzak duintzeko lanean jarraituko dugu.