BIZKAIKO ERAIKUNTZA

ELA pozik agertu da grebaren lehen egunaren jarraipenarekin

2023/06/09
Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko langileek bat egin dute ELAk deitutako lau greba-egunetako lehenengoarekin. Patronalaren proposamen eskasaren aurrean, sektorean lan egiten duten pertsona askok greba egitea eta enpresen irabaziekin bat datozen soldata-igoeren alde mobilizatzea erabaki dute. ELAk ordezkaritzaren % 32,75 du, eta ez du onartuko KPItik beherako soldata-igoerarik.

ELA pozik agertu da grebaren jarraipenarekin. Eraikuntza sektore sakabanatua da, eta gainerako sindikatuak desmobilizatzen saiatu dira azalpen zaileko deialdiekin. ELAk kezkaz ikusten ditu saiakera horiek; borrokak eta mobilizazioak soilik ekarriko dituzte soldata-igoerak eta hitzarmen kolektibo duina.

Behar-beharrezkoa da sektorea aktibatzea. Horregatik, ELAk dei egin du hurrengo greba egunetan parte hartzera: ekainaren 16an, 19an eta 20an. Horrela bakarrik lor daiteke patronalak bere proposamenak nabarmen hobetzea.