ELA prest dago Gipuzkoako Metalgintzan akordio historikoa sinatzeko

2020/10/01
Lan Hitzarmenak 40.000 pertsonari baino gehiagori eragiten die, eta, besteak beste, %9,6ko igoera, azpikontraten subrogazioa eta lan erreformaren aurkako blindajea jasotzen ditu. Sindikatuak azpimarratu duenez, urteetako lanaren eta ELAren (%48 sektorean) antolakuntza-sendotasunaren fruitua da hau.

ELA prest dago Gipuzkoako Metalaren hitzarmena adosteko, ondoko hobekuntzekin Estatu osoan den testu bakarra: %9,6ko soldata-igoerak, kolektibo garrantzitsuentzako subrogazioa eta lan-erreformen aurrean blindajeak jasotzen ditu, besteak beste.

ELAk Gipuzkoako Metalaren ordezkaritzaren % 48,76 du, funtsezko faktorea negoziazioa nola garatu den ulertzeko. Lurraldeko azken hitzarmena 2010ekoa da. Gogorarazi duenez, urte hauetan lan-baldintzak prekarizatu dituzten erreformei erantzun die sindikatuak, eta enpresetan antolaketa-lan handia egin du. Militantziaren lanari berebiziko garrantzi aitortu diote, akordio hau euren lanari esker ere lortu dela baieztatuz.

ELAk azaldu duenez, hitzarmen honen edukiek aukera ematen diote Gipuzkoako Metal desberdin baten alde egiteko, “ez baitu prekarietatea bilatzen, langileak baloratzea baizik, eskubideak eta egonkortasuna emanez”.

Hauek dira akordioak biltzen dituen 10 hobekuntza garrantzitsuenak:

1. %8,8ko soldata-igoerak 2019ra arte soldata-tauletan (dietetan, bidaietan eta abarretan ere bai), eta %0,8koa 2020an (guztira, % 9,6). 2021 eta 2022rako, KPI bermatzen da sektoreko enpresa guztientzat (ez da itzuliko KPI negatiboa bada).
2. Ez aplikatzeko klausula (lan-erreformaren aurkako blindajea).
3. Ultraktibitate mugagabea (orain arte, hitzarmenak ez zuen inolako ultraktibitaterik).
4. Mantentze-lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono-instalazioetan azpikontratatutako pertsonentzako subrogazioa. Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan-egonkortasuna ematen die.
5. ETT bidezko kontratazioa, gehienez ere urtebetekoa (aldi hori eta aldi baterako kontratuekin egindakoa antzinatasun gisa aitortzen da).
6. Berdintasuna. Enpresek legez nahitaezkoa dena baino informazio gehiago eman beharko dute, nahitaezko epeekin.
7. Lizentziak. Bizikidetzaren beharra ezabatzen da hura gozatzeko.
8. Malgutasuna: 3 egunetik 5 egunera pasatzen da aurreabisua.
9. 49. artikulua aldatzen da; soldata-aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira.
10. Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna, Estatukoaren gainetik.

ELAren ustez, beraz, garaia da gainerako euskal patronalek, pribatuek zein publikoek, beren langileen lana baloratzearen alde egin dezaten, bai eta egonkortasunaren eta lan-eskubideen alde ere, gaineratu dutenez, horiek baitira aurrean dugun egoera zailetik ateratzeko errezetarik onena. “Frogatuta geratu da negoziatzeko borondatea eta langileentzako eduki onuragarriak badaude, ELA ere akordioan dagoela”, laburbildu dute.