Grebara deitu dute abenduaren 1, 2 eta 3rako
Negoziazio bilera asko egin badira ere, Petronorren azpikontratek jarraitzen dute langileen baldintzak hobetzeari uko egiten. Blokeo horren aurrean, ELA, UGT, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek greba deitu dute abenduaren 1, 2 eta 3rako.
Petronorreko azpikontratetako langileek, findegiko jardueraz arduratzen direnek, urteak daramatzate oso lan baldintza gogorrak jasaten. Aldarrikapen nagusien artean daude soldata hobeak, enpleguaren egonkortasuna, atseden egokiak, arriskuen prebentzioa eta lan baldintza duinak.
Ohiko lan baldintza eskasez gain, 25 egun baino gehiago daramatzate aldageletan ur berorik gabe. "Findegi batean lan egiten duten pertsonek, industria jarduera zorrotz baten berezko arriskuen eraginpean daudenek, ez dute ur beroa bezain oinarrizkoa den zerbait ere", salatu dute sindikatuek. Bitartean, Petronorrek eta enpresa kontratistek erantzukizuna bestearen bizkar uzten dute. "Beren erantzukizunak onartu behar dituzte. Findegiaren aberastasuna ezin da azpikontratetako langileen prekaritatearen gainean eraiki", adierazi dute sindikatuek.