ELAk Bizkaiko Metalaren negoziazio mahaia deitu du

2021/11/12
ELAk, sektoreko sindikatu nagusiak, Bizkaiko Metalaren negoziazio-mahaia deitu du azarorako. Bizkaiko industria siderometalurgikoaren hitzarmenaren indarraldia 2021eko abenduaren 31n bukatuko da. Sektorearen prekaritateari aurre egingo dioten eduki berriak sartu nahi ditu sindikatuak. Plataforma aurkeztu aurretik, bere militantzia bilduko du datozen asteetan, aldarrikapenak partekatu eta eztabaidatzeko.

Sindikatuak gogorarazi du aurreko negoziazioan -sektorean erabateko jarraipena izan zuten 10 greba-egun egin ziren- aurrerapausoak lortu zirela, hala nola, mantenu lanetan subrogazioa, atzeratutako hitzarmen bat berreskuratzea... Hala ere, eduki asko ere egiteke geratu ziren, horietako batzuk sektorean dagoen prekaritatearekin oso lotuta; eduki horiek plataforman txertatzeko asmoa du sindikatuak, beste eduki berritzaile batzuekin batera.