ELAk errefusatu du Arcelor Mittalek, CCOOk, UGTk eta USOk adostutako aldi baterako lan erregulazioaren luzapena

Arcelor Mittaleko zuzendaritzak, CCOO, UGT eta USO sindikatuekin batera, Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du. Gauzak horrela, langileak langabezian mantenduko ditu, nahiz eta 9.041 milioi dolarreko irabaziak izan dituen urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Espedienteak 2022ko irailean adostutako baldintza berberak mantenduko ditu. ELAk gogorarazi du enpresak 13 urte daramatzala, jarraian, erregulazio espedientea aplikatzen; horri esker, enpresa diru publikoa jasotzen ari da langileak langabezian mantentzen dituen bitartean.
ELAk adierazi du ERTE bat inposatzeko erabakia enpresaren kulturaren ikurra dela. Sindikatuak gogor kritikatu du erabakia, eta bereziki kexu da azpikontratatutako enpresetako langileek jasaten duten babesgabetasunagatik, lan karga jaistean denean ondorio larrienak pairatzen dituztelako.
ELAk ezinbestekotzat jo du zenbait aldaketa egitea: jende gaztea kontratatzea; txanda kontratua modu egokian aplikatzea; langileek sortutako aberastasuna banatzea; lantegietan inbertitzea; eta industria plan zorrotzak diseinatzea, Euskal Herriko lantegien etorkizuna bermatzeko.