BRIDGESTONE BASAURI
ELAk errefusatu du Serveo mantentze lanen kontrataren Enplegu Erregulazio Espedientea

Basauriko Bridgestone lantegiko mantentze lanen eta garbiketaren arduradun den Serveo enpresak iragarri du kaleratze kolektibo bat aplikatuko duela mantentze lanetako departamentuko langile guztientzat, 22 guztira.
ELAk salatu du erabakia “bidegabea” dela, eta ohartarazi du plantako enplegua desegiteko prozesuaren fase berri bat dela honakoa. Izan ere, Enplegu Erregulazio Espedientearen iragarpena dator Bridgestone Basaurin 232 kaleratze izan ondoren.
Bridgestonen izandako kaleratzeen ondorioz eratorritako antolaketa-argudioekin justifikatu du Serveok murrizketa. Gogorarazi behar da Bridgestoneko enpresa-batzordearen gehiengoak (CCOO, UGT eta BUB) baliozkotu zituztela kaleratzeak, zuzendaritzaren argudioei estaldura emanez.
Bridgestonek etekin handiak lortzen jarraitzen duen bitartean, ELAk defendatu du ez dela onargarria enplegua murrizten eta lan baldintzak prekarizatzen jarraitzea. ELAk ez du onartuko lanpostuak ezabatzea. Langileak nahitaez kaleratzea dakarren edozein neurri baztertzen du, eta enpleguaren defentsan irmo jarduteko konpromisoa hartzen du.