SIDENOR

ELAk errefusatzen du Azkoitiko eta Reinosako lantegietarako adostutako ABEEa

2024/04/05
Hiru bilera egin ondoren, zuzendaritzak, CCOO, UGT eta USO sindikatuek (Akordio Markoaren sindikatu sinatzaileek) adostu dute 2025eko apirilaren 15 arte luzatuko den Aldi Baterako Enplegu Espedientea.

ELAk errefusatzen du Sidenorrek eta CCOO, UGT eta USO sindikatuek Azkoitiko eta Reinosako lantegietarako adostutako ABEEa. Enpresak espedientea aplikatu nahi zuela jakin zenetik, ELAk salatu du neurri hori Azkoitiko hitzarmenaren berritzea baldintzatzeko neurria izan dela. Ez hori bakarrik, Reinosa Azkoitiko lantegiarekin batera ABEEn sartuta, enpresak lortu du CCOOk, UGTk eta USOk gehiengoa izatea negoziazio mahaian.

ELAk salatu du enpresako zuzendaritzak espedientearen legezko figura iruzurrez erabiltzen duela, benetako helburua langileen malgutasuna eta prestasuna handitzea baita. Sidenorrek mozkinak handitzen jarraitzen duen bitartean, lan baldintzak kaxkartzen jarraitzen du. Egoera honen aurrean, ELAk uste du Eusko Jaurlaritzaren industria politikak ardatz izan beharko lukeela enpresei eskatzea langileei tratu duina ematea.

Gogoan izan behar da Sidenorrek azken urteotan irabazi handiak izan dituela. 2022an emaitza errekorra lortu zuen eta 2023rako itxierarako ere aurreikuspenak onak dira. Bada, erregulazio espedienteak Azkoitiko eta Reinosako lantegietan % 60ko eragina izango du, eta langileen soldatak %75ean osatuko dira. Halaber, enpresak borondatezko neurri gehigarriak ere planteatu ditu (eszedentziak hartzeko aukerak, mugikortasun geografikoa etab.) 

ELAk lanean jarraituko du Sidenorren lan egiten dutenen bizitza duintzeko, eta hurrengo urratsa Azkoitiko lantegian Hitzarmen Kolektibo duina lortzea izango da.