ELAk eta LABek enpleguaren aldeko apustua egin dezatela eskatzen diete Edesa Industrial, Fagor eta Gasteizko Gobernuari

Aspaldi hontan gardentasun falta da enpresa-proiektuen ezaugarri nagusia. Errealitatea sistematikoki ezkutatzen da eta iritzi publikoari komeni dena bakarrik jakinarazten zaio. ELA eta LAB, lanpostuak defendatzen dituzten erakundeak izanik, hori guztia baztertzen saiatzen dira.
Enpresa horien kulturan, elite gutxi batzuek bakarrik ezagutu dezakete benetako egoera. Testuinguru horretan eman zen aurreko Fagorren porrota. Alde batetik, proiektu sozial beten parte zirela esaten zitzaien kooperatibistei, eta, bestetik, enpresaren benetako egoera ezkutatzen zitzaien.
Fagorren ondorengoa, CATAren bitartez eta EDESA INDUSTRIAL izenarekin, gardentasun falta berdinarekin jarraitu du. Betetzen ez diren etorkizunerako planak aurkezten dira, seriotasunik gabeko proiektuak aurkezten dira, eta lotsarik gabe, gauza bat eta bere kontrakoa defendatzen dute.
Bitartean, teorian proiektu industrial serioak bultzatu beharko lituzkeen Gasteizko Gobernuak jarraitu du enpresa hau gainbeherara eraman duten zuzendaritzak babesten. Egia esan, gardentasun falta, eliteek egiten duten kudeaketa, enpresarien inpunitatea eta langileei bizkarra emateko kultura da azken aldian Gasteizko Industria Sailak egiten duena. Beraz, ezin Edesa Industrialek administrazioaren presiorik jaso.
Azken egunetan inbertsio galanta egingo lukeen Amica talde poloniarraren plan industrial baten berri izan dugu. Berriro ere, langileen ordezkariei horren berri eman aurretik, komunikabideetara zabaldu dute. Egun batzuk beranduago jakin izan dugu Mondragon Korporazioak epaitegi merkantilean Fagor marka berreskuratzeko eskaera judiziala egin duela.
Egoera honen aurrean, ELA eta LABetik honakoa adierazi nahi dugu:
- Edesa Industrial, Fagor S.Coop, Gasteizko Gobernua eta enpresan ordezkaritza duten sindikatuok lan taldea osatzea exijitzen dugu. Etorkizun industriala bermatuko duen proiektua bultzatzea izan behar da helburua.
- Lantalde horri enpresaren egoera erreala igorri behar zaio. Talde horren osaketak aldaketa bat suposatuko luke. Edesa Industrialen gainbehera ekiditeko lehen urratsak izango ziren.
- Etorkizunerako proiektu industriala bermatzeko beharrezkoak izango dira guztion interesak uztartzea; enpresarenak, markarenak eta langileenak, azken horien lanpostuak eta lan baldintzak defendatuz.