ELAk azken hogei urtetako dibidendo banaketari buruzko azalpenak eskatu dizkio Productos Tubulareseko zuzendaritzari

2018/04/10
Productos Tubulares enpresako kontsulta aldiko bigarren bilera izan da apirilaren 10ean. Hilaren lehen astean izan zen lehen bilera, eta, orduan, enpresak bere erabakien berri eman zuen: kaleratzeak eta soldata jaitsierak, lan-baldintza okerragoez gain. Halaber, legeak kontsulta aldirako eskatzen duen dokumentazioaren zati bat helarazi zien langileen ordezkariei.

ELAk enpresaren zuzendaritzari galdegin dio azalpenak eman ditzala azken hogei urtean Productos Tubularesen nahiz Tubos Reunidos taldean banatu diren dibidendoei buruz. Interes berezia du 2007-2008 ekitaldiak, eta OPA baten bidez taldean banatu ziren 170 milioiek. Badirudi zuzendaritzak eta beronen aholkulariek ez dutela gogo handirik 2015 aurreko urteetan gertatu zenaz hitz egiteko, hau da, Tubos Reunidos taldearen garai oparoenei buruz hitz egiteko.

Bestalde, enpresak emandako agiriak analizatu ondoren, egiaztatu dugu -eta hala esan dugu gaurko bileran- kontsulta aldirako beharrezkoak diren dokumentuak falta direla. Besteak beste, eskatu diogu zuzendaritzari Tubos Reunidos talderako egin zen 360 Plana ekar dezala. Agiri hauek ezagutu gabe alde sozialak ez dauka behar bezala defenditzeko aukerarik. Enpresak eta bere aholkulariek ez dute esan informazio hori emateko prest daudenik. Beraz, gure ustez kontsulta aldiak hasiera okerra izan du, eta hala adierazi dugu bileran.

Azkenik, Productos Tubulareseko langile guztiei dei egiten diegu beren eskubideen aldeko borrokari eustera. Enpresa honetako beharginek ez dute kaleratze bat ere merezi; ez eta murrizketarik ere. Hain zuzen, ELAk bat egin du greba mugagabean dagoen plantillarekin, eta babestu egingo ditu datozen egunetan izango diren mobilizazioak.