ELAk Productos Tubulares enpresak egin nahi dituen kaleratzeak eta murrizketak bertan behera utz ditzala exijitu du

Enpresak erabakiok justifikatzeko argudiatzen dituen arazoek ez daukate zerikusirik lanpostuekin, ezta plantillak jasotzen dituen ordainsariekin ere. Bestalde, Tubos Reunidos talde industrialak urte askotan ehunka milioi euroren dibidendoak banatu ditu (soilik Productos Tubularesen 132 milioi euro azken 20 urteetan). Diru-gosez jokatzen duten akziodunak ditugu aurrean (BBVAk du gehiengoa, eta zati txikiagoak dituzte Neguriko hainbat familiak); taldeko zuzendaritzak kudeaketa negargarria egin du, izan ere, une ekonomikoa aurreko urteetan bezain ona ez denean irtenbide bakarra bururatu baitzaio, alegia, lan-eskubideak eta enplegua murriztea.
Horregatik, ELAk galdegin die Productos Tubulareseko nahiz Tubos Reunidos Taldeko zuzendaritzari mahai gainean jarri dituzten neurri guztiak erretira ditzatela.
Bestalde, greba mugagabean dauden Productos Tubulareseko langileei babesa ematen diegu, eta animatu nahi ditugu eustera, eta etengabe mobilizatzera. Ziur gaude borroka eta langileen batasuna medio enpresaren asmoak aldarazteko gauza izango garela; halaxe gertatu izan da orain arte PTn.
Azkenik, auzi honekin zerikusia duten Jaurlaritzako sailei (Industria eta Lana) exijitzen diegu urrats konkretuak egin ditzatela enpresari astakeria hau gauza dezan aukerarik ez emateko. Ezin da onartu pribilegiatu batzuk (Tubos Reunidoseko akziodun eta arduradunak) ahal zuten guztia poltsikoratu izana eta orain bizimodua PT enpresan duten ehunka familiari ordainarazten saiatzea.