ELAk Eusko Jaurlaritza eta Kutxabanki exijitzen die oztopa dezatela Euskalteleko azpiegituaren salmenta

2019/10/10
Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzak Euskaltel pribatizatzera eta ondorengo desinbertsiora eraman zutela salatu du ELAk behin baino gehiagotan. Ondorioz, azpIegituraren salmenta geldierazteko neurriak hartzea bi erakunde hauei dagozkiela adierazi du.

Joan den ekainean ELAk ohartarazi zuen Zegona Euskaltelen sartu zela bi helburu argirekin: kostuak murriztu eta etekinak puztea. Sindikatuak salatu egin zituen zuzendaritza berriak erabaki zituen kaleratzeak (aurrez ere lanpostuak amortizatzen ari baziren ere), eta Eusko Jaurlaritzari galdegin zion esku har zezala, baina hau ez zen gertatu.

Orain jakin dugu Zegonak zuntz optiko sarea saldu nahi duela. Hau gertatuz gero oso larria litzateke, azpiegitura hori baita Euskaltelen aktiborik nagusienetakoa bere bezeroentzat. Eta ezin dugu ahaztu azpiegitura hau diru publikoari esker sortu zela. Noski, erabaki honek egungo plantillari eragingo dio, aldaketa horrekin enpresa eredua aldatuko bailitzateke.

Ez dago zalantzarik Zegonaren asmoen inguruan. Guztiok ezagutzen ditugu bere estrategian jarraitzen dituen hiru faseak: erosi, onbideratu eta saldu. Izan ere, Euskaltelek 2018ko ekitaldian 92 milioi euro irabazi arren, akziodun nagusi horrek edozein funts putreren jokabide bera du: Etekinak maximizatzea, kosta ahala kosta. Edozerk balio du diru erraza lortzekotan. Oraingoan, beste “pelotazo” bat eginez; gainera, inork ezin du ziurtatu lortutako dirua berriz inbertitu eta lan eremua hedatzeko baliatuko denik.

Kontua da nork eragotzi dezakeen hori Euskaltelen, gure herrian enpresa oso garrantzitsua eta estrategikoa izanik. ELAren ustez hori egin behar dute enpresa pribatizatzera eta ondorengo desinbertsiora eraman zuten erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek. Ez dago aitzakiarik.

Finantza operaezio honek ondorio larriak izango ditu, baina oraingoan ez soilik enpresako langileentzat, baizik eta herritar guztientzat ere. Gogoratu beharra dago, berriz, sarea diru publikoz finantzatu zela.