ELAk ez du baztertzen grebara joatea, Gipuzkoako Eraikuntza eta obra publikoen Hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ematen ez bada

2022/06/28
ELAk salatu du ez dela aurrerapausorik eman Gipuzkoako Eraikuntza eta obra publikoen Hitzarmenaren negoziazioan. Donostiako Kontxan egindako elkarretaratzean gogorarazi du -une honetan hainbat obra publiko martxan daude bertan- orain dela sei hilabete hasi zela negoziazioa eta oraindik ez dela urratsik egin. Sindikatuak hobekuntzak sartu nahi ditu hitzarmenean, hala nola laneko segurtasun-bermeak eta kontziliazio-neurriak. Era berean, ezinbestekotzat jotzen du soldata-igoerak KPIarekin lotzea, sektore horretako langileak gehiago pobretu ez daitezen. ELAk ez du baztertzen grebara joatea negoziazioan aurrerapausorik ematen ez bada.

Sindikatuak gogorarazi du sektorea prekarizatu egin dela. Izan ere, patronalak edo obrak sustatzen dituzten administrazio pribatu eta publikoek negozioa lehenesten dute langileen gainetik. Sektore honetan hain errotuta dauden beheranzko esleipenak edo esleipen azkar eta merkeak egitea bateraezina da langileen segurtasuna eta osasuna bezalako oinarrizko gaiekin, baita haien baldintza soziolaboralekin ere (soldata, lanaldia, etab.). Ondorioak larriak dira: urtetik urtera heriotza kopurua handitzen da.

ELAk azaldu du Gipuzkoako obrak gero eta gehiago esleitzen direla beheranzko eskaintzekin edo zuzenean onartezinak diren eskaintzekin. Baldintza horietan kostuak merkatzen dira eta jardueraren zatirik handiena azpikontratatu egiten da. Egoera horietan prekaritatea nagusi da eta ez da betetzen hitzarmen kolektiboa. “Bereziki larria da errealitate hori obra publikoan, administrazioak berak sortzen baititu lan-baldintza prekarioak”.

Horregatik, ELAk eskatu du enpleguaren kalitatea, segurtasuna eta hitzarmen kolektiboaren aplikazioa epeen eta prezioaren gainetik lehenetsiko dituzten esleipenak egitea.
Lan-eskubideak errespetatuko dituen eraikuntza-eredu baten alde egiten du, segurtasuna eta kontziliazioa bermatuko dituena.

“Ordutegi amaigabeen kultura, eskubiderik eza eta, azken batean, prekaritatea dira sektore honetako ezaugarri nagusiak. Hori ez da erakargarria langileentzat, lan-eskubide urrien sinonimoa baita”.