ARCELOR MITTAL (AGURAIN ETA LEGASA)
ELAk ez du onartu enpresaren azken proposamena, eta EEEren aurkako errekurtsoa aurkeztuko du Auzitegi Nazionalean

Aguraingo eta Legasako Arcelor Mittalen Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu da. ELAk azaldu duenez, enpresak ekainaren 16an egin zuen azken proposamena, eta bertan ez ziren bermatzen borondatezko irteerak, ez eta bizilekutik gertu dauden lantegietan birkokatzea ere, Legasako langileen kasuan. Eskaintza horrek ere ez zuen bermatzen Aguraingo plantaren epe ertainerako bideragarritasuna, eta ez da plan industrial sendo bat aurkeztu. ELAk enpresaren itxikeria kritikatu du, mozkin milioidunak lortu arren, negoziazio saiakerak gorabehera, akordiorik ez ahalbidetzea erabaki duelako.
Arcelor Mittalek 15 eguneko epea du orain azken erabakia jakinarazteko. Iragarritakoa betetzen badu, 33 lanpostu suntsituko ditu, legezko gutxienekora egokitutako kalte-ordain batekin (20 eguneko soldata, urte bateko mugarekin), eta Legasako lantegia itxiko du.
ELAk uste du kontsultaldian ez direla egiaztatu espedientea eragin zuten arrazoiak, eta bi lantegien bideragarritasunaren alde egiten jarraituko du. Aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako errekurtsoa aurkeztuko du Auzitegi Nazionalean, eta enpleguari eusteko borrokan jarraituko du Legasako lantegiaren itxiera justifikatzen ez duen irregulartasunez betetako prozesu baten aurrean.