ELAk ez du onartzen La Navalen kontratuak amaitzeko erregulazio espedientea eta alternatibak bilatzea eskatzen du

2018/10/10
Konkurtso-administratzaileak enpresa batzordeari eman dio erabakiaren berri: 186 langileren, hots, plantilla osoaren kontratuak amaitutzat emango dituen erregulazio espedientea aurkeztuko da . ELAk espediente hori ez gauzatzea exijitu du. Izan ere, onartuko balitz, enpresaren likidaziorantz beste urrats bat emango litzateke, alegia, ontziolako jardueraren amaierantz beste pausu bat. Gogoratu beharra dago plantillako enpleguaz gainera zeharkako beste 1.800 lanpostu ere suntsituko liratekeela.

ELAren ustez ezinbestekoa da La Navalen biziraupenaren alde borrokatzea. Behin betiko itxiko balitz, Euskal Herriko industriarentzat tragedia handia litzateke, bereziki Ezkerraldearentzat. Izan ere, La Naval enpresa estrategikoa da.

Hori dela eta. euskal erakundeei, batik bat, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailari galdegiten diegu behar beste egin dezatela espediente hau ekiditeko eta jardueraren etorkizuna bermatzeko. Oraingoz ez dugu ikusi Jaurlaritza inongo urratsik ematen La Navalen geroa argitze aldera.

Enpresa bat ixten denean administrazioaren xedea bakarra albisteak iritzi publikoan izan dezakeen eragina leuntzea izan ohi da. 

Lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritza bere aldetik, Europara begira dago. Adierazitakoaren arabera, europar legeei jarraiki, legez kanpokoa da diru-laguntzak ematea. Hori, ordea, ez dago frogatzerik. Gauza bat argi dago: La Navalek irauteko modu bakarra dago, instituzioen inplikazioa jasotzea da. 

Azkenik, ELAk dei egiten die herritarrei urriaren 10ean, 18:30etan egingo den manifestazioan parte hartu dezaten. La Navaletik abiatuko da manifestazioa, Sestaoko udaletxeraino.