ELAk FVEMeko presidentearen enpresaren aurrean salatu du hitzarmenaren blokeoa
Bizkaiko metalgintzako ordezkariak protesta egin dute Amorebietako Boroa industrialdean dagoen Oja-Rem enpresaren aurrean (FVEMeko presidentearen jabetzakoa), sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren blokeoa salatzeko eta FVEM patronalari negoziazioan aurrera egiteko eskatzeko.
ELAren arabera, negoziazioak zazpi hilabete daramatza geldirik, eta patronalari egozten dio akordioa eragoztea, KPIaren gainetik dauden soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa eta prekaritateari zein emakumeek jasaten duten diskriminazioari aurre egiteko neurriak hartzea baztertzen dituelako. Egoera horren ondorioz langileen erosteko ahalmena etengabe murrizten ari da, nahiz eta sektoreko enpresek etekin handiak izaten jarraitzen duten.
Mobilizazioa Boroa industrialdean bertan dagoen Ormazabal Distribución Primaria enpresako grebalariekin bat eginez jarraitu dute. Grebaren helburua enpresako lehen hitzarmena lortzea da, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko. ELAk gogorarazi du ODP Ormazabal Taldearen parte dela, Bizkaiko metalgintzako enpresa garrantzitsuenetako bat, eta azken urteotan milioika euroko irabaziak lortu dituela.