Neguko Bidezaintza Plana

ELAk Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu du plana iruzurrezkoa eta prekarioa dela eta ez duela segurtasuna bermatzen

2024/03/11
ELAko Igor San Josek eta Esther Arrutik parte hartu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Azpiegitura Batzordean, eta salatu dute Diputazioa honakoa baimentzen ari dela: neguko bidezaintza planeko errepidetako mantetze lanetako enpresa esleipedunek lan eta bide segurtasun arauak urratzea. IAT iraungita eta gainkarga duten elurra kentzeko makinak, istripuak, betetzen ez diren kontratuak... dira ELAk salatu dituen ez betetzeetako batzuk.

ELAk urte asko daramatza salatzen eta frogatzen kontratu horiek etengabe urratzen direla, eta ondorioz, iruzurrezko praktika horrek arriskuan jartzen dutela neguko bideetan zerbitzua ematen duten langilen eta erabiltzaileen segurtasuna. Lan Ikuskaritzan ere aurkeztu ditu salaketak sindikatuak.

Adibidez, ELAk salatu du ohikoa dela elurra kentzeko makina zaharkituekin eta egoera txarrean daudenekin lan egitea, baita IAT iraungita edo onartu gabea dutenekin ere. Gainera, kontratuaren baldintza pleguek kamioiei zortzi urteko antzinatasun muga ezartzen die, baina gehienek eskatutako urteak gainditu eta bikoiztu egiten dituzte.

Kamioien iraultzea eta istripuak eragiten duen beste arazoetako bat da makinen gainkarga. Neguko lanera egokituta ez dauden kamioiak erabiltzen dira, pala eta gatzontzia gehituz, eta, horregatik, baimendutako gehieneko pisua aise gainditzen dute. ELAk Ikuskaritzan salatu du hori, eta arrazoia eman diote.

Beste adibide bat da elurra kentzeko kamioi ‘fantasmak’. Elurra kentzeko makinen kopuru jakin bat ezartzen du kontratazioak. Bada, kamioi horiek aldi berean aurkezten dira hainbat lurraldetako neguko planetan; adibidez, ELAk Gipuzkoako eta Arabako neguko planetan sartzen diren kamioiak detektatu ditu. Beraz, kamioi horiek ezin dira bi lurraldeetan eskuragarri egon, eta ez dira betetzen erabilgarritasun pleguak.

ELAk salatutakoa jakinarazi zien aipatutako zerbitzuko arduradunei 2023ko azaroaren 22an egindako bileran. Baina, zoritxarrez, gaur egun, laneko eta bideko segurtasuna lehenesten eta bermatzen duen erantzunaren zain jarraitzen du.


ELAk dio ez duela onartuko funtsezkoa den zerbitzu publikoa etengabe urratzen jarraitzea, are gutxiago langileen eta erabiltzaileen bizitza arriskuan jartzen denean. Hori guztia, gainera, diru publikoarekin. Horregatik, ELAk Gipuzkoako Batzar Nagusietan eskatu du gertatutako eta orain arte baimendutako guztia argitzeko ikerketa sakona egin dadila, baita guztiontzako zerbitzu duin eta segurua bermatzeko neurriak eta irtenbideak har daitezela ere.