ELAk Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatuko du

2022/07/18
ELAk Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatuko du, sindikatuak hasieratik planteatutako helburuak jasotzen dituelako: KPIaren erreferentzia mantenduko da, lanaldia murriztuko da eta hitzarmena blindatuko da. Gaur, uztailak 18, batzarra egin da langileekin eta aho batez babestu du patronalak aurkeztutako proposamena. Gauzak horrela, bihar, uztailak 19, hitzarmena sinatuko da patronalarekin, Lan Harremanen Kontseiluaren (PRECO) Donostiako egoitzan egingo den bileran.

ELAk helburu argiak izan ditu negoziazioan zehar (sektorean %72ko ordezkaritza du): KPIaren erreferentzia mantentzea; lanaldia murriztea; eraikuntzan segurtasunez lan egin ahal izatea; eta lana eta bizitza bateragarria izatea. Sindikatuaren ustez, eduki horiek lortu dira enpresa eta obra bakoitzean egindako borrokari esker. Gauzak horrela, ELAk borrokan jarraituko du prekarietaterik gabeko sektore baten alde. Helmuga argia da: obrak lizitatu eta esleitzen direnean hitzarmena aplikatzea eta laneko segurtasun eta osasun arauak errespetatzea.

Honako hauek dira edukiak:

  • Indarraldia: 3 urte (2022-24).

  • 2022: % 4ko igoera// 2023: KPI + % 1,25// 2024: KPI + % 1,25.

  • 6 orduko lanaldi murrizketa.

  • Hobekuntzak lizentzietan: 16 ordu gehiago laguntzeagatik, eta bi egun gehiago ospitaleratu gabeko ebakuntzagatik.

  • Heriotzagatik, erabateko ezintasun iraunkorragatik eta ezintasun iraunkor osoagatik kalte ordainak 150.000 eurora arte igoko dira.

  • Aldi baterako ezintasuna dakarren in itinere istripu bat duten pertsonek soldataren % 100 kobratuko dute baja egoeran lehen egunetik aurrera.

  • Obra kontratuaren amaieragatik kalte ordainak soldataren guztizkoaren % 7 izango dira.

  • Gaueko lanaren osagarria oinarrizko soldataren % 25 izango da.

  • Lan egutegia behar bezala aplikatzen dela bermatzeko hobekuntzak sartu dira, ordutegi erregistroa gehiago kontrolatuz.

  • Obra bakoitzeko prebentzio baliabideak obra arduradunaren kategoria izan beharko du gutxienez, bere lana behar bezala egin ahal izateko.

  • Hitzarmena aplikatzeko lehentasuna gehitu da, Estatukoaren aldean, eta hitzarmena aplikatzeko bermearen egungo 48. artikulua hobetu da.

  • Hitzarmenak ultraaktibitate mugagabea izaten jarraitzen du, bai eta hitzarmena alde bakarrez ez aplikatzeko klausula ere.

Akordio ona den arren, ELAk adierazi du legez ezarritako lan-baldintza horiek defendatzen jarraitu beharko duela obra publiko eta pribatuetan. “Esperientziak erakutsi digu ez dela nahikoa idatziz behartzea enpresa kontratistak eta ondoz ondoko azpikontratak hitzarmena aplikatzera; aitzitik, ezinbestekoa da administrazio eta erakunde publikoen inplikazio zuzena”.