ELAk Gipuzkoako eraikuntzako mahai negoziatzailea osatzea eskatu du

ELAk Gipuzkoako eraikuntzako mahai negoziatzailea osatzea eskatu du
Martxoaren 15ean Gipuzkoako Eraikuntza eta Obra Publikoen Hitzarmena negoziatzeko lehen bilera izan dugu PRECOn. ELAren eskariz egin da bilera, %60ko gehiengoa baitu sektorean (LABek %25’15, UGTk %9’27, eta CCOOek %5’96). Hala ere, mahaia eratu ezinik egon gara, bilerara joandako patronalek ordezkaritzaren inguruan izan duten eztabaida dela-eta. Beraz, martxoaren 23rako ezarri dugu hurrengo bilera.

 

Oraingo ekonomia-hazkundearen testuinguruan, bistan da bai obra publikoa, bai pribatua suspertu direla. Diru-kopuru handia inbertitzen ari da obretan, baina sektoreko langileen soldatak orain dela 10 urtekoak dira.

ELArentzat hitzarmena eta horren aplikazioa lehentasunezko gaiak dira; horregatik uste dugu hauxe dela abagunea Gipuzkoako oraingo Eraikuntza Hitzarmena berritzeko eta hobetzeko. Gogoan izan oraingo hitzarmenaren soldata-taulak 2009koak direla.

Alde horretatik eskatzen diogu patronalari arduraz jokatzeko, negoziazio-prozedura izapide formalengatik ez atzeratzeko, eta eztabaidagai nagusiari heltzeko. Izan ere, mahai gainean jarri behar dugun gaia sektoreko lan-baldintzak hobetzea eta bermatzea da, eta oraingo egoera esplotazioz, prekarietatez eta iruzurrez beteriko egoera alde batera uztea.