BIZKAIKO ERAIKUNTZA
ELAk hitzarmenaren negoziazioan blokeoa salatu du

ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin dute ASCOBI patronalaren aurrean, bere jarrera immobilista salatzeko. ELAk salatu nahi du ASCOBI eroso dagoela lan baldintzak hobetuko dituen akordio bat lortzea eragozten duen posizio batean. Negoziazioa guztiz blokeatuta dago. Ez dago aurrera egiteko borondaterik, eta patronalak egoera hau luzatu nahi duela dirudi.
Egoera horren aurrean, ordezkariek ez dituzte mobilizazioak baztertzen, 2023an gertatu zen bezala. Orduan protestak funtsezkoak izan ziren sektorearen eskaerak ikusarazteko. ELAko ordezkariek 2023an erakutsi zuten prest daudela hitzarmenaren alde borrokatzeko.
Gehien kezkatzen duen alderdietako bat lan arriskuen prebentzioaren arloan dagoen prekarietate egoera da. Oraindik ere ugariak dira segurtasunik gabeko lan baldintzak, eta enpresa askok ez dute araudia behar bezala betetzen. Horrek arriskuan jartzen ditu langileen osasuna eta bizitza.
Gainera, aurreko hitzarmenak gabezia asko ditu hainbat arlotan: lan baldintzen blindajea, azpikontratak arautzea, lan orduak... Egiturazko arazo bat duen sektore baten aurrean gaude: langile asko eta asko azpikontratatuta daude, eta askori ez zaie hitzarmena ere aplikatzen.
Negoziazioa blokeatzen duen patronal honen aurrean, mobilizazio eta borrokarekin bakarrik lortuko da lan baldintzak hobetzea.