tubos reunidos

ELAk Justiziari eskatu dio zuzendaritza hartzekodunen konkurtsoaren erantzule egin dezala

ELAk Justiziari eskatu dio zuzendaritza hartzekodunen konkurtsoaren erantzule egin dezala
ELAk alegazioak aurkeztu ditu Konkurtso Administrazioaren aurrean, kaudimengabezia urteetako kudeaketa txarraren ondorio dela adierazi du, eta zuzendarientzat ondasunen enbargoak, inhabilitazioak eta erantzukizun ekonomikoak ekar ditzakeela ohartarazi du.

ELAk eskatu dio Konkurtso Administrazioari Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoa erruduntzat jo dadila eta enpresako zuzendaritzaren zein Administrazio Kontseiluaren erantzukizunak argitu daitezela. Horretarako, hainbat alegazio aurkeztu ditu, eta bertan defendatzen du konpainia konkurtsora eraman duen egoera ekonomikoa enpresaren kudeaketa eskasaren eta bideragarritasunari kalte egin dioten finantza erabakien ondorio zuzena dela.

ELAk 2008an kokatzen du Tubos Reunidosen egungo kaudimengabezia egoeraren jatorria. Urte hartan, enpresak 170 milioi euroko zorra hartu zuen bere akziodunak ordaintzeko. Baliabide horiek ez ziren ez industria modernizaziora ez negozioaren hazkundera bideratu, horrenbestez, sortutako zorpetzea urte luzez konpainiaren gain egiturazko oztopo bihurtu da.

Zama finantzario horrek azaltzen du Tubos Reunidos teknikoki desegite kausan zegoela jada maiatzaren 4an hartzekodunen konkurtsoa eskatu aurretik. Gainera, enpresa ez zen gai izan 2025ean mugaeguneratutako zorra ordaintzeari, eta itzulketa baldintzak berriz negoziatzera eta ordainketak 2026 eta 2027 ekitaldietara atzeratzera behartu zuen.

SEPIk emandako maileguaren baldintzak eta konpainiaren finantzaketarekin lotutako beste zenbait gai ikerketa penal judizialean daude gaur egun, horrek zalantza handiak sortzen ditu azken urteetako kudeaketaren inguruan.

ELAk azpimarratu du langileak ezin direla egoera honen ondorioen erantzule egin, urteetako kudeaketa negargarriaren emaitza baita. Konkurtsoaren erantzukizuna enpresako zuzendaritzak, Administrazio Kontseiluak eta akziodunek hartu dituzten erabakiei dagokie soilik, akziodunen mesedea lehenetsi baitute konpainiaren etorkizuneko bideragarritasunaren kaltetan.

Horregatik, ELAk eskatu du bai konkurtsoa bai konpainiako arduradun nagusiak erruduntzat jo daitezela. Eskaera hori onartuz gero, ondorioak esanguratsuak izan litezke. Legediak aurreikusten ditu, besteak beste, konkurtso zorra ordaintzeko betebeharra, ondasunen enbargoa edo enpresak administratzeko nahiz ordezkatzeko inhabilitazioa.