Bizkaiko kontserba eta gazituak
ELAk kritikatu du patronalek hitzarmenerako egindako proposamena eskasa dela

Gaur hirugarren bilera egin da Bizkaiko kontserba eta gazitze sektorerako hitzarmen berri bat negoziatzeko. ELAren ustez, patronalen proposamenak ez dio aurre egiten sektoreko prekaritateari, soldata baxuetan, kontratazio prekarioan eta osasunerako arriskuetan islatzen dena.
Patronalek 1.400 euroko soldata berrikuspena proposatu dute 2030ean kategoria baxuenarentzat, eta proportzionala gainerakoentzat. ELAk salatu du soldaten eguneratzea ez dagoela lotuta KPIaren bilakaerarekin ekonomiaren unerik ezegonkorrenetako batean, eta langileek erosteko ahalmena galtzen ari direla ohartarazi du. Gainera, gogorarazi du ELAk LGS propio bati buruz egindako proposamenak hilean 1600 eurotik gorako zenbatekoa ezartzen duela, eta patronalen eskaintza, beraz, ez dela nahikoa. Ez da mahai gainean jarri, ezta ere, kategoria feminizatu eta maskulinizatuen arteko soldata arrakala ezabatzeko neurririk.
Patronalen beste proposamenetako bat urteko lanaldia 1712 ordura murriztea da. ELAk adierazi du 2026tik aurrera Langileen Estatutuan jasotako asteko 37,5 orduko lanaldi murrizketa betetzeari erantzuten diola. Era berean, hobekuntza sozialak mugatzen dira Estatutuan jasotako hobekuntzetara.
ELAk eta negoziazio mahaian dauden gainerako sindikatuek (LAB, CCOO – UGT ez da bileran izan –), eskaintza eskasa dela eta lan baldintzak hobetzeko asmoetatik oso urrun dagoela adierazi dute.